Baskonia
87-82
Baskoniak porrota jaso du ICL Manresaren aurka
Erredakzioa
Arabako taldeak 87-82 galdu du Kataluniako taldearen aurka eta Endesa Ligako sailkapeneko bigarren postua galdu du. Osteguneko Euroligako partidan egindako lana igarri egin du Baskoniak.
Baskoniak 87-82 galdu du ICL Manresaren aurka eta ezin izan dio eutsi Endesa Ligako sailkapeneko bigarren postuari. Ostegunean Euroligan Fenerbahceri irabazteko egindako lana ordaindu egin du Arabako taldeak igande honetan.
Lehen laurdena parekatua izan den arren Baskoniako jokalarien kalitatea nagusitu da, eta Sito Alonsok zuzentzen duen taldeak lau puntuko abantaila eskuratu du (12-16). Bigarren laurdenean, ordea, Arabako taldea nekea nabaritzen hasi da. Gainera, Manresak bere jokoa hobetu du, eta etxekoen aldeko 40-30eko emaitzarekin iritsi da norgehiagoka atsedenaldira.
Atsedenalditik bueltan Baskoniaren jokoak behera egin du, eta ICL Manresa jaun eta jabe izan da. Ezinean ibili dira Sito Alonsok zuzentzen dituen mutilak eta 17 puntuko desabantailarekin bukatu dute hirugarren laurdena (70-53). Zama astunegia izan da Baskoniarentzat azken laurdenera 17 puntuko desabantailarekin iristea. Hala ere, azken txanpan, 9 puntura gerturatu da Arabako taldea, baina Manresa ez da kokildu eta garaipenak ez dio ihes egin Kataluniako taldeari (87-82).
Fitxa teknikoa:
87 - ICL MANRESA (12+28+30+17): Machado (10), Suggs (11), Tomas (14), Auda (9), Rey (3) -hasierako bostekoa- Costa (14), Cakarun (10), Trapani (7), Cvetkovic (6), Belemene (3) eta Montañez (-).
82 - BASKONIA (16+14+23+29): Larkin (6), Beaubois (7), Hanga (11), Tillie (8), Diop (4) -hasierako bostekoa-, Blazic (4), Budinger (9), Luz (11), Shengelia (12), Voigtmann (8) eta Laprovittola (2).
Epailea: Peruga, Manuel eta Serrano.