Itxi

Baskonia

Euroliga

Baskoniak garaipen handia lortu du Real Madrilen aurka

Erredakzioa

Arabako taldeak 87-91 irabazi du, norgehiagoka ona biribilduta. Euroligan, hiru jardunalditan bi partida irabazi ditu Sito Alonsok zuzentzen duen taldeak.

0:36

Baskoniak garaipen garrantzitsua lortu du Real Madrilen aurka (87-91) Euroligako hirugarren jardunaldiko partidan, eta bigarren garaipena lortu du txapelketa honetan.

Lehen laurden bikaina jokatu du Arabako taldeak, eta Real Madril baino askoz gehiago izan da, bai defentsan, baita erasoan ere. Etxeko taldeari asko kosta zaio Baskoniaren defentsa gainditzea, eta Sito Alonsok zuzentzen duen taldeak zuloa egin du markagailuan. Lehen hamar minutuetako lan bikainak 13 puntuko aldea eman dio Baskoniari (19-32). Bigarren laurdenean, talde gasteiztarrak ez du erritmoa jaitsi, eta Real Madril lehen laurdenean baino hobeto ibili den arren, Baskonia 11 puntuko abantailarekin iritsi da atsedenaldira (43-54).

Norgehiagoka erabat aldatu da atsedenaldiaren ostean. Real Madrilek erritmo biziagoa jarri dio partidari, eta Arabako taldeak arazoak izan ditu Madrilgo taldearen erasoko jokoa gelditzeko. Aldeak murrizten hasi da Real Madril, eta Baskoniak ahal izan duen moduan eutsi dio aurkariari. Atsedenaldian baskonistek zuten 11 puntuko abantaila 3ra murriztu da hirugarren laurdenaren amaieran (66-69). Azken laurdena erotzeko modukoa izan da. Real Madrilek berdindu egin du partida azken laurdena hasi eta berehala (71-71). Gainera, etxeko taldeak gora egin du, eta markagailuan zuloa egin du, zortzi puntuko abantaila izateraino (81-73). Norgehiagokako une txarrenak pasatu ostean, Sito Alonsok zuzentzen duen taldeak errakzionatu egin du, eta aldeak murrizten hasi da. Amaierarako bi minutu falta zirenean, puntu bakarrera jarri da Baskonia (82-82), eta minutu bat eta 9 segundo falta zirenean, aurrea hartu du markagailuan (84-86). Azken segundoetan, Sergio Llullek baloi bat galdu du erasoan, eta Baskoniak ez du oparia desaprobetxatu. Bukaerarako hamar segundo falta zirenean, puntu bat aurretik jarri da Baskonia (87-88), eta Blazicek sartu duen hiruko ikusgarriak erabakita utzi du partida (87-91).

Fitxa teknikoa:

87 - Real Madril (19+24+23+21): Llull (13), Thompkins, Ayon (16) Rudy (3) eta Taylor –hasierako bostekoa–, Randolph (9), Reyes (11), Carroll (11), Draper, Hunter (9), Maciulis eta Doncic (15).

91 - Baskonia (32+22+15+22): Larkin (11), Akognon (5), Voigtman (18), Hanga (12) eta Shengelia (14) –hasierako bostekoa–, Diop, Luz, Tillie (5), Sedekerskis (5) eta Blazic (21).

Epaileak: Damir Javor (SLO), Emin Mogulkoc (TUR) eta Tomislav Hordov (CRO).

).