Baskonia
76-86
Dolomitik Diputazio Saria irabazi du Baskonia gainditu ostean
Erredakzioa
Laboral Kutxa Baskoniak 76-86ko emaitzarekin galdu du Buesa Arenan jokatu duen partida eta garaikurra talde bisitariarentzat izan da.
Dolomiti Energia Trento taldea izendatu da Diputazio Sariaren irabazle, Baskoniari 76-86 irabazi ostean. Talde bisitaria nagusi izan da hasieratik amaieraraino.
Talde bisitariak indartsu ekin dio lehiari eta 2-9 jarri da aurretik. Ondoren Baskoniaren erreakzioa etorri da, baina lehen laurdena Dolomiti taldearen aldeko 18-23ko emaitzarekin bukatu da. Bigarren laurdenean, gauzak ez dira hobeto joan Laboral Kutxarentzat. Lehen minutuetan, Perasovicen mutilek aldeak murriztea lortu dute (25-26), baina Trentoko taldea orduan esnatu da, eta Baskonia hamar puntuko desabantailarekin iritsi da atsedenaldira (33-43).
Hirugarren laurdenaren hasieran, Laboral Kutxak markagailuan gerturatzea lortu du, baina Dolomitik ez dio bere jokoa egiten utzi eta aldeak handitu ditu laurdenaren amaieran (52-65).
Azken laurdenera 13 puntuko desabantailarekin iritsi da Baskonia eta emaitza iraultzen saiatu diren arren, Dolomiti taldea sendo mantendu da. Ondorioz, garaipenak ez dio ihes egin. 76-86ko emaitzarekin, Dolomiti Energia Trento taldeak Diputazio Saria irabazi du.