Itxi

Baskonia

Olinpiakosen aurka

Garaipen eder bezain garrantzitsua lortu du Baskoniak (74-73)

Leire Etxazarra | eitb.eus

Arabarrak puntu bakar batez gailendu dira Euroligako 11. jardunaldian, Olynpiakos talde indartsuari gailenduta. Laboral Kutxaren 5. garaipena da, eta laugarren postuaren borrokan jarraitzen dute.

1:24

Laboral Kutxa Baskoniak bizirik jarraitzen du Euroligako final-laurdenetan sartzeko borrokan. Gasteiztarrek partida ederra jokatu eta Olinpiakos indartsuari gailendu zaie 74-73. Greziarrek ez dute Spanoulis izarra jokatzeko moduan izan, baina aurkari gaiztoa direla argi eta garbi utzi dute Buesa Arenan.

Lehen laurdenea elkarren indarrak neurtuz aritu dira bi taldeak, eta, ondorioz, ez da markagailuan diferentzia handirik egon. Hori bai, greziarrak aurretik izan dira lehen 10 minutuen amaieran: 19-23.

Bigarren laurdenean Baskoniak hobera egin du, eta aurkariak izandako lehen alde garrantzitsua ezer ezean uztea lortu dute. Gauzak horrela, Ibon Navarroren talde bi puntuz azpitik iritsi da atsedenaldira: 36-38.

Hirugarrenean, partidak aurreko bideari eutsi dio. San Emeterio, Causeur eta James izan dira talde arabarraren zama eraman dutenak. Gauzak horrela, Laboral Kutxa aurretik ere jartzea lortu du, baina momentuko gauza izan da (44-43), greziarrek ez baitute inoiz amore eman. Ondoren 52na ere jarri dira, San Emeteriok sartutako hiruko bati esker, baina Sfairopoulosen taldeak bereari eutsi dio eta azken laurdena ere aurretik hasi dute: 53-55.

Azken laurdenean tentsioa eta emozioa izan dira nagusi, kantxan eta harmailetan. Partida azken minutura iritsi da garaipenak noren alde egingo zuen erabaki gabe. Azkenean, gasteiztarren alde egin du. Bosgarren garaipena Euroligan, garrantzitsua gainera, laugarren postuko borrokan bizirik jarraitzea baitakar: 74-73.

Fitxa teknikoa

74 - Laboral Kutxa (19+17+17+21): Adams, Causeur (13), Bertans (15), Shengelia (5), Iverson (5)-hasierako boskotea-, James (17), San Emeterio (8), Tillie (5), Begic (6).

73 - Olinpiakos (23+15+17+18): Mantzaris (4), Darden (3), Lojeski (7), Printezis (15), Dunston (4) -hasierako boskotea-, Hunter (14), Agravanis (7), Sloukas (7), Lafayette (8), Kavvadas (2), Papapetrou (2).

Papapetrou (2).