Itxi

Baskonia

71-95 Buesa Arenan

Baskoniak ez du aukerarik izan Bartzelonaren aurka

Erredakzioa

Ostegunean ez bezala, Scarioloren gizonek lehen laurdenean bakarrik egin diete aurre blaugranei, eta titulua lortzeko lehiatik kanpo geratu dira.

1:12

Laboral Kutxaren denboraldia amaitu da, Bartzelonaren aurkako playoffaren bigarren partidan Buesa Arenan galdu ostean. 71-95 irabazi dute Xavi Pascualen gizonek, eta finalerdietarako txartela eskuratu ahal izan dute. Ostegunean ez bezala, Scarioloren taldeak lehen laurdenean bakarrik egin ahal izan dio aurre talde kataluniarrari, eta ez dute garaipena etxean uzteko eta hirugarren partida behartzeko aukerarik izan.

Kanpokoek hasieratik hartu dute aurrea markagailuan, eta, nahiz eta lehen laurdenaren amaieran Baskoniak bakarrik bi puntuko atzerapena izan duen (19-21), Bartzelonak astindu handia eman dio neurketari bigarren laurdenean. Navarro oso ondo ibili da tarte horretan, eta puntu erabakigarriak sartu ditu. Atsedenaldian zegoen aldea, 37-49, hazi besterik ez dute egin katalanek bigarren zatian. Baskonia ahalegindu da, baina ezin izan da berriro jokoan sartu.

Azkenean, 71-95. Gasteiztarrek urte irregularra izan dute aurten. Titulua lortzeko playoffetan egotea lortu dute, baina agian ez dute beste urteetan emandako itxura sendoa eman.

Fitxa teknikoa:

71 - Laboral Kutxa (19+18+12+22): Heurtel (12), Causeur (14), San Emeterio (11), Nocioni (14), Pleiss (7) -hasierako bostekoa-, Renfroe (3), Hamilton (8), Hanga (2).

95 - Bartzelona (21+28+20+26): Huertas (11), Oleson (9), Papanikolau (9), Nachbar (6), Tomic (6) -hasierako bostekoa-, Sada, Navarro (13), Dorsey (8), Lorbek (2), Abrines (5), Pullen (12).

Epaileak: Conde, Bulto, Martinez Fernandez. Kanporatuta, Renfroe (34. m).