Baskonia
Endesa Liga
Gipuzkoa Basketek irabazi du Buesa Arenako derbia (66-72)
Erredakzioa
Alde nabarmenak ireki zituzten lehenengo zatian donostiarrek, eta Baskoniaren erreakzioa partida iraultzetik oso gertu egon zen.
-
Laboral Kutxa - Gipuzkoa Basket / EFE.
Gipuzkoa Basketek Baskoniari irabazi dio, sufrituta (66-72), 20 puntu baino gehiagoko aldea izan zuen partidan. Donostiarrak play offetako postuetara begira jarraitzen dute.
Sito Alonsoren taldeak ondo hasi zuen neurketa Buesa Arenan, eta hamar minutuan 14 puntuko aldea zuen (7-21). Lehenengo zatian, 0-15eko partziala sartu zioten Sergio Scarioloren taldeari. GBCren alderik handiena 26 puntukoa izan zen, 15. minutuan (10-36), Will Hanleyren saskiratze baten ostean. 17 puntu egin zituen estatubatuarrak, denak partidaren hasieran.
Baskoniaren erreakzio txiki batek 19 punturaino txikitu zuen aldea, atsedenaldiaren aurretik, Tibor Pleissen lanari esker (7 puntu, 10 errebote eta 15 puntuko balorazioa).
Hirugarren laurdenean, Laboral Kutxak hobeto aritu zen, eta 10 puntura gutxitu zuen aldea, 29. minutuan (40-49). Thomas Heurtel izan zen baskonistarik onena, 18 puntu eta 5 erreboterekin. Nocioni eta San Emeterioren artean 23 puntu egin zituzten, eta partida iraultzetik gertu egon zen taldea.
Hala ere, aurrean Javi Salgado izan zuten (20 puntu, 6 errebote eta 5 asistentzia), neurketako onena. Bera izan zen Gipuzkoa Basketen aldeko diferentzia eusteko arduraduna,a azken laurdenean sartutako hiru hirukori esker.
Laboral Kutxaren azken bultzada kanpokoen aldeko jaurtiketa libreetan bukatu zen. Garaipena lortuta, play offeko postuetara begira daude Gipuzkoan. Araban, aldiz, emaitzak zuzendu beharko dituzte, titulua lortzeko borrokan jarraitzeko asmoz.
FITXA TEKNIKOA
Laboral Kutxa: Heurtel (18), Jelinek, San Emeterio (13), Nocioni (10), Pleiss (7) -hasierako boskotea- Poeta (3), Hanga, Hamilton, Causeur (15).
Gipuzkoa Basket: Salgado (20), Winchester (13), Robinson (12), Hanley (17), Doblas (8) -hasierako boskotea- Motos, Huskic, Olaizola, Cortaberría (2).