Baskonia
Euroliga
Zigor handia jaso du Laboral Kutxak Olinpiacosen aurka (89-59)
L.E. | eitb.com
Arabarrek ez dute ezertxo ere jokoan Euroligan, baina irudi kaskarra eman dute Grezian. Partida bigarren laurdenean hautsi dute etxekoek.
-
Olinpiakos jaun eta jabe izan da Laboral Kutxaren aurka. Efe.
Laboral Kutxak jipoia hartu du Grezian, Olinpiakosen aurka Euroligan jokatutako partidan. Gasteiztarrek ez dute asmatu eta greziarrak baino gutxiago izan dira.
Lehen laurdenean gorabehera asko izan da markagailuan. Arabarrak 9 eta 15 jarri dira aurretik baina greziarrek emaitza irauli dute, eta nola irauli gainera: 14 eta 0eko partziala egin eta 21 eta 15 jarri dira aurretik. Scarioloren gizonak suspertu egin dira azken minutuetan eta laurdena hiru puntu atzetik amaitu dute (23-20).
Bigarren laurdenean hautsi da partida. Greziarrak jaun eta jabe izan dira defentsan zein erasoan eta Baskoniak ezer gutxi egin ahal izan du Olympiacosen bultzadaren aurrean. Gauzak horrela, etxekoek alde zabala izan dute markagailuan eta atsedenaldirako 18 puntuko abantaila zabaldu dute: 45-27.
Gauzak ez dira aldatu atsedenaldiaren ostean. Hirugarren laurdena greziarrarena izan da, inolako zalantzarik gabe. Laboral Kutxa gaindituta egon da eta Scariolo ligako hurrengo partidetarako probak egiteko aprobetxatu du. 67 eta 46 amaitu da hirugarren laurdena.
Aldeak gora egin du azken laurdenean, 35 puntuko abantaila ere izan du Olinpiakosek momentu batean (88-53). Azkenean, 89 eta 59, Laboral Kutxa galtzaile.
Fitxa teknikoa:
89 - Olimpiakos (23+22+22+22): Mantzaris (5), Spanoulis (14), Lojeski (16), Petway (6), Shermadini (11)-hasierako boskotea-, Simmons (10), Sloukas (7), Dunston (7), Kavvadas, Katsivelis, Papapetrou (13).
59 - Laboral Kutxa (20+7+19+13): Heurtel (3), Causeur (7), San Emeterio (5), Mainoldi (12), Pleiss (10)-hasierako boskotea-, Poeta (2), Nocioni (10) Hanga (4), Diop (4), Van Oostrum (2).