Baskonia
Euroliga Top 16
Baskoniak Panathinaikosi irabazi dio Euroligan (61-68)
Erredakzioa
Laboral Kutxak Europan irabazi du berriz, guztiz kanpon zirudienean, eta bere bigarren garaipena eskuratu du, Atenasen.
Bi hilabete geroago, Laboral Kutxak berriro irabazi du Euroligan. Top 16ko bigarren garaipena eskuratu du, Panathinaikosen aurka Atenasen (61-68). Horrela, Baskoniak zazpi porroten bolada txarrari amaiera eman dio, lehiaketa honetan.
Euroligan aukerarik gabe ego narren, sailkapeneko postuetatik oso urrun, Baskoniak kemena eta sentsazio onak berreskuratu ditu. Gasteizko taldeak Panathinaikosen azken minutuetako erasoaldia gelditzea lortu zuen, epaileak Tibor Pleiss kanporatu ostean.
Partida erritmo altuarekin hasi zen, eta kanpoko taldea eroso egon zen. Nocionik 10 puntu egin zituen lehenengo laurdenean, eta bi taldeak 18 tantora berdinduta heldu ziren lehenengo atseden tartera.
Bigarren laurdena ez zen batere anotatzailea izan. Laboral Kutxak gainetik iraun zuen, eta tanto bat aurretik bukatu zuten bigarren laurdena (27-28). Hasieran, gaizki ibili ziren erasoan bi taldeak, eta azkenean Jelinekek Baskonia salbatu zuen, Greziako taldearen opariak aprobetxatuta.
Atsedenaldiaren ostean, James Gistek, Panathinaikosen, eta Pleissek, euskal taldean, tanto asko egin zituzten. Nocionik, San Emeteriok, eta Pleissek berriz ere, aldea ireki zuten, eta 12 puntu goitik egotera heldu zen Baskonia. Hirugarren laurdena alde nabarmenarekin bukatu zuten kanpokoek (44-55).
Ez zirudien Panathinaikosek erreakzioa emango zuenik. OAKAn ere ez zegoen jende askorik. Poetaren bi saskiratzek, gainera, urrunago jarri zuten Laboral Kutxa (46-61). Baina Baskoniak ez zuen eroso bukatu partida, azken zatian Pleiss kanporatu zuelako epaileak.
Azkenean, Panathinaikosek aldea gutxitu zuen, eta 5 puntura jarri zen. Ondo eutsi zuten baskonistek, eta bigarren garaipena eskuratu zuen Euroligan. Panathinaikosi Atenasen irabazten dion bigarren aldia ere bada.
FITXA TEKNIKOA
Panathinaikos: Ukic (4), Diamantidis (15), Maciulis (5), Gist (6), Lasme (5) -hasierako boskotea-, Wright (12), Fotsis (4), Bramos (10), Batiste eta Giankovits.
Laboral Kutxa: Heurtel (9), Causeur (9), San Emeterio (8), Nocioni (16), Pleiss (12) -hasierako boskotea-, Poeta (4), Jelinek (6), Hanga (4), Mainoldi eta Diop.
Partzialak: 18-18, 9-10, 17-27 eta 17-13.