Itxi

Baskonia

Euroliga

Olinpiacosek lotsagarri utzi du Laboral Kutxa (70-89)

Leire Etxazarra | eitb.com

Scarioloren gizonek partida negargarria egin dute eta hirugarren porrota jarraian jaso dute Euroligako Top 16an.

  • Spanoulis, partidako izarretako bat. Efe.

    Spanoulis, partidako izarretako bat. Efe.

Laboral Kutxa Baskoniak 70 eta 89 galdu du Buesa Arenan, Olinpiakos talde greziarraren aurka. Euroligako egungo txapelduna jaun eta jabe izan da.

Lehen laurdenean greziarrak izan dira jaun eta jabe. Gasteiztarrek, hala ere, aurrea hatu dute lehen minutuetan, Noccioniren 6 puntuei esker. Baina arabarren kontra adierazitako teknikak 12nako berdinketa ekarri du, eta, hortik aurrera, Olinpiacosek nahi bezala jokatu du. Dunston eta Spanoulis jokalarien gidaritzapean, aldea berehala zabaldu dute: 15-26.

Maldan gora hasi dute bigarren laurdena Scarioloren gizonek, eta are eta ilunago jarri zaie partida minutuek aurrera egin ahala. 18 puntuz alde egin du Euroligako egungo txapeldunak, eta horri eutsi dio, gasteiztarren defentsa bigunaz baliatuta.

38-59ko emaitzarekin abiatu da bigarren zatia.

Arabarrak hirugarren laurdenean suspertu ohi dira partida bat galtzean doazenean, baina ohitura ez da bete gaurkoan. Laboral Kutxa Baskonia kantxatik desagertzen joan da, eta Olinpiakosek nahi duen bezala jokatu du. Kanpoko jaurtiketetan bikain aritu dira; eta gasteiztarrek amore eman dute. 30 puntuko aldea ere izan dute. Ezintasunaren adierazle argiagorik ez dago.

53-78ko emaitzarekin hasi dute azken laurdena.

Gauzak ezer gutxi aldatu dira azken 10 minutuetan. Gasteiztarrek aldea zerbait murriztea lortu dute, Olinpiakosen lasaitasuna aprobetxatuta. Azkenean, 70 eta 89, hirugarren porrota jarraian jaso dute arabarrek Euroligako Top 16an.

Fitxa teknikoa:

70 - Laboral Kutxa (15+23+15+17): Heurtel (12), Jelinek (12), Causeur (2), Nocioni (11), Pleiss (4)-hasierako boskotea-, Poeta (7), Mainoldi, Hamilton (1), Hodge (7), Diop (10), Van Oostrum (4), Martínez.

89 - Olympiacos (26+33+19+11): Mantzaris (1), Spanoulis (13), Perperoglou (11), Printezis (9), Begic (4) -hasierako boskotea-, Dunston (14), Sloukas (9), Petway (3), Collins (5), Simmons, Katsivelis (3), Lojeski (17).