Itxi

Baskonia

Buesa Arenan

Baskoniak merezitako garaipena lortu du CAI Zaragozaren aurka (92-83)

Erredakzioa

Arabako taldeak garaipen oso garrantzitsua eskuratu du Buesa Arenan, eta Malagako Errege Koparako txartela gertuago du. Nocionik eta Pleissek partida borobila jokatu dute.

1:12

Laboral Kutxak garaipen oso garrantzitsua eskuratu du Buesa Arenan, CAI Zaragoza aurkari zuzenaren kontra (92-83). Garaipenarekin, Scarioloren gizonek ia eskura dute Errege Koparako txartela. Baskoniak maila ona eman du kantxan, eta Nocioni eta Pleiss erabakigarriak izan dira.

Tibor Pleissek erakustaldia eman du aurreneko laurdenean, eta Sergio Scarioloren gizonek abantaila polita hartu dute markagailuan (12-4). Nocionik hiru hiruko eskuratu ditu jarraian (21-4), baina CAI Zaragozako ordezkoek sendoago jokatu dute erasoan eta defentsan, eta lehenengo laurdena 28-20koarekin bukatu da.

Jose Luis Abosen taldeak gogor sakatu du bigarren laurdenean eta Rudezek 31-26koa jarri du markagailuan. Joseph Jones nagusi izan da taula azpian, eta Aragoiko taldea 34-31 gerturatu da. Urtasunek 34-34koa jarri du hiruko ikusgarri bati esker, eta Michael Rollek markagailuan goitik jarri du CAI, aurrenekoz (39-41). Hala ere, Causeurrek puntu garrantzitsuak lortu ditu, eta lehenego zatia 51-44koarekin bukatu da.

Atsedenaldiaren ostean, Pere Tomasek markagailua estutu du, eta Baskonia ezinean aritu da erasoan (55-52). CAI Zaragozak markagailua irauli du (55-61), baina Nocionik erantzun bikaina eman du, hiruko marratik (60-61). Scarioloren gizonak suspertu egin dira, eta hiurgarren laurdena 68-67koarekin bukatu da.

Pleissek puntu erabakigarriak lortu ditu azkeneko laurdeneko lehenengo minutuetan, eta Baskoniak markagailuko aldea aise handitu du (72-67). Hala ere, Llompartek ederki gidatu du Zaragozako taldea, eta Abosen gizonek 74-74koa jarri dute. Shermadinik markagailua irauli du (77-78), baina Gasteizko taldeak, berriz ere, erantzun bikaina eman du. 84-83koaren ostean Andres Nocionik hiruko erabakigarri bat lortu du (87-83), eta norgehiagoka 92-83koarekin bukatu da.

- Fitxa teknikoa:

92 - Laboral Kutxa (28+23+17+24): Heurtel (7), Causeur (8), San Emeterio, Nocioni (21), Pleiss (25), -hasierako bostekoa-, Poeta (3), Hanga (11), Jelinek (8), Hamilton (7), Mainoldi (2).

83 - CAI Zaragoza (20+24+23+16): Tabu (6), Roll (11), Stefansson, Sanikidze, Shermadini (13)-hasierako bostekoa-, Llompart (12), Fontet (3), Rudez (16), Tomas (8), Jones (9), Urtasun (5).