Itxi

Baskonia

Euroliga

Garaipenarekin hasi du ibilbidea Laboral Kutxak Top 16an

L.E. | eitb.com

Scarioloren taldea 79 eta 93 gailendu zaio Unicajari Malagan. Lehen zati kaskarra egin arren, bigarrenean egoera irauli dute eta andaluziarrak mendean hartu dituzte.

2:49

Laboral Kutxak garaipena lortu du Euroligako Top 16ko lehen partidan. Gasteiztarrek Unicajari irabazi diote, San Emeterioren eta Nocioniren gidaritzapean.

Lehen laurdena andaluziarrena izan da. Ez dute beste munduko jokorik egin, baina Scarioloren taldeak konzentrazio falta handia izan du, eta Iparra galduta ibili dira, gidaritza barik. Ondorioz, Unicaja aurretik izan da markagailuan lehen segundotik eta lehen 10 minutuen ostean 11 puntuko aldea zabaldu du: 24-13.

Bigarren laurdenean iritsi da Baskoniaren erreakzioa. Arabarren defentsa jokoak hobera egin du eta horrek eragina izan du markagailuan: aldea guztiz murriztea lortu dute. Nocioniren hirukoak partida lehen aldiz berdindu du: 31-31. Malagakoek, hala ere, ez dute amore eman eta Callowayren gidaritzapean bi puntuko aldearekin iritsi dira atsedenaldira: 35-33.

Baina inflexio-puntua atsedenaldiaren ostean izan da. Laboral Kutxa partidan buru-belarri sartu da, San Emeterioren suspertzeari esker, batez ere, eta aurretik jarri da lehen aldiz. Ez hori bakarrik, 12 puntuko abantailak ere izan ditu. 56-63ko emaitzarekin iritsi dira azken 10 minutuetara.

Unicajak erreakzio puntua izan du azken minutuetan eta Joan Plazarenak lau puntura ere hurbildu dira bukaerarako bost minutu eskas falta zirela. Baina orduan Hamiltonek hiruko erabakigarria sartu du eta arabarrek ez diote garaipenari ihes egiten utzi: 79-93.

Fitxa teknikoa:

UNICAJA: Calloway (17), Kuzminskas (13), Dragic (22), Caner-Medley (3) eta Stimac (10) --hasierako boskotea-- Vidal (-), Suárez (3), Hettsheimeir (-), Sabonis (1), Granger (4), Vázquez (-) eta Toolson (6).

LABORAL KUTXA: Heurtel (9), Causeur (8), San Emeterio (13), Nocioni (20) eta Pleiss (6) --hasierako boskotea--; Jelinek (2), Mainoldi (6), Hanga (6), Hamilton (13) eta Hodge (10).

PARTZIALAK: 24-13, 11-20, 21-30 eta 23-30.