Baskonia
Euroliga
Laboral Kutxak tentsiorik gabe jokatu du Izar Gorriaren aurka (81-65)
Erredakzioa
Arabarrak atzetik izan dira denbora guztian eta agur esan diote multzoko lehenak izateko aukerari. Andres Nocionik jokatu egin du, hilabete luze lesionatuta eman ostean.
Laboral Kutxak galdu egin du Belgradon, Izar Gorriaren aurka Euroligan jokatutako partidan (81-65). Scariolioren gizonek partida kaskarra jokatu dute, tentsiorik gabekoa, iragan astean Lietuvosi irabazi eta 16 onenen artean sartzea ziurtatu ostean.
Lehen laurden oso kaskarra jokatu du Baskoniak: sei puntu bakarrik saskiratu dituzte 10 minututan. Izar Gorriak, aldiz, erraz eta eroso jokatu du, inolako oztoporik gabe. Azken segundoan sartutako hirukoari esker, 25-6 amaitu da lehen laurdena. Azpimarratzeko gauza bakarra, Andres Nocioni berriro kantxan izan dela, lesio larria gainditu ondoren.
Bigarren laurdenean gauzak ez dira aldatu, ezta gutxiagorik ere. Laboral Kutxak lo jarraitu du; erasoan huts ugari egin dituzte eta defentsan ez dira Belgradoko jokalariak gelditzeko gai izan. Izar Gorriari, berriz, dena atera zaio. Ondorioz, atsedenaldian, etxeko taldeak 19 puntuko abantaila izan du: 45-26.
Hirugarren laurdenean iritsi da arabarren erreakzioa. Nocioni kantxan sartu da berriro eta 4 eta 15eko partzialari esker 8 puntura jarri dira. Hirugarren laurdenaren bukaeran, Izar Gorria aurretik izan da oraindik: 63-53.
Baina gasteiztarrei azkar hustu zaizkie indarrak. Azken laurdenean ezin izan dute aldea gehiago murriztu, eta Izar Gorriak estutasunik pasa gabe irabazi du partida: 81-65. Scarioloren mutilek agur esan diote multzoko lehena izateko aukerari.
Fitxa teknikoa:
81 - Estrella Roja Belgrado (25+20+16+20): Nelson (7), Lazic (2), Schilb (7), Radenovic (11), Marjanovic (9) –hasierako boskotea-, Jenkins (11), Blazic (24), Simonovic (2), Katic (8), Rebic, Ristic.
65 - Laboral Kutxa (6+20+25+14): Heurtel (6), Jelinek (7), San Emeterio (6), Bjelica (2), Pleiss (2) –hasierako boskotea-, Hodge (15), Hamilton (13), Mainoldi (3), Kelati (3), Nocioni (8).