Itxi

Baskonia

Euroliga

Sufrituta irabazi dio Laboral Kutxak Panathinaikosi (79-77)

L.E. | eitb.com

Sergio Scarioloren gizonek ondo bideratuta zuten garaipena atsedenaldian, baina greziarrek gora egin dute eta azken segundoan partida irabaztear izan dira. Baskoniak dena alde du Top 16an sartzeko.

  • Pleiss, Panathinaikosen jokalari batekin borrokan. Efe.

    Pleiss, Panathinaikosen jokalari batekin borrokan. Efe.

Laboral Kutxak denboraldiko laugarren garaipena lortu du Euroligan, Panathinaikosi irabazita (79-77). Atsedenaldian jaun eta jabe ziren gasteiztarrak, baina bigarren zatian gauzak okertu dira eta azkenean sufrituta lortu dute garaipena.

Lehen laurden bikaina jokatu du Laboral Kutxa Baskoniak. Gasteiztarrek jipoia eman diote Panathinaikosi zazpi hiruko sartuta, horietariko lau San Emeteriorenak. Greziarren defentsa iparra galduta ibili da, eta defentsa da, hain zuzen, kanpotarren oinarria. Gauzak horrela, lehen 10 minutuen ostean, Baskonia 34 eta 19 izan da aurretik markagailuan.

Bigarren laurdenean gauzak ez dira aldatu. Laboral Kutxak jo eta ke jarraitu du erasoan, Panathinaikosen ahuleziari etekina atera nahian. Defentsan errebotea kontrolpean izan dute eta saskiratzeetan fin aritu dira. Hirukoak ere, bata bestearen atzetik sartu dituzte eta Diamantidis izan da greziarraren mailari eusten bakarra. 55 eta 44 izan da atsedenaldiko emaitza.

Hirugarren laurdenean Baskonia erabat lo atera da kantxara. Defentsan ez duet asmatu eta saskiratzeetan ere behera egin dute, nabarmen. Ondorioz, Panathinaikos aurretik jarri da lehen aldiz partida osoan (57-58), 2 eta 14ko partzialari esker. Azken minutuetan gasteiztarrek kemena agertu dute eta azken laurdena 65 eta 62 aurretik hasi dute.

Azken laurdenean gauzak are gehiago estutu dira. Baskoniak aurretik jarraitu du, baina greziarrak markagailuan gertu izan dira denbora guztian. Amaierarako 30 segundoren faltan, Fotsisek hirukoa sartu du eta Panathinaikos 79-77 jarri da, baloiaren jabetza berea zela. Baina zortea arabarren alde izan da eta emaitzari amaiera arte eustea lortu dute.

Garaipen honi esker, Laboral Kutxari nahikoa zaio hurrengo jardunaldian Lietuvos Rytas Buesa Arenan mendean hartzean, lehen 16en artean matematikoki sartzeko.

Fitxa teknikoa:

79 - Laboral Kutxa (34+21+10+14): Heurtel (10), Jelinek (6), San Emeterio (15) Mainoldi, Pleiss (9)-hasierako boskoteal-, Hodge (6), Bjelica (17), Hamilton (2), Kelati (8), Kaukenas (6).

77 - Panathinaikos (19+25+18+15): Ukic (14), Giankovits, Maciulis (19), Mavrokefalides (6), Batiste (2)-hasierako boskotea-, Diamantidis (19), Gist (6), Bramos, Curry, Lasme (1), Pappas (4), Fotsis (6).