Itxi

Baskonia

Endesa Liga

Laboral Kutxak neurria hartu dio Ligari

Erredakzioa

Sergio Scarioloren gizonek hirugarren garaipena jarraian lortu dute Endesa Ligan, Bruixa d'Or Manresari 64 eta 69 irabazita.

  • Walter Hodge, Manresako Joan Creusekin borrokan. Efe.

    Walter Hodge, Manresako Joan Creusekin borrokan. Efe.

Denboraldiko laugarren garaipena lortu du Laboral Kutxa Baskoniak Ligan, Manresa 64 eta 69 mendean hartuta. Scarioloren gizonek partida txukuna egin dute, ostegunean Euroligan Makabiri irabazi ostean. Hala ere, gasteiztarrek lan handia egin behar izan dute Manresa aldean. Partida kontrolpean izan dute, baina markagailuan alde handirik zabaldu gabe. Tibor Pleiss izan da baskonisten jokalaririk onena.

Lehen laurdenean oreka izan da nagusi; Walter Hodgen hirukoak 20 eta 23 jarri ditu aurretik arabarrak.

Bigarrenean, berriz, Darryl Monroe Manresako jokalaria maisu aritu da, eta etxekoak 37 eta 35 aurretik zirela iritsi dira atsedenaldira.

Hirugarren laurdenean, Laboral Kutxak bere minuturik onenak jokatu ditu eta 10 puntuko aldea zabaltzea lortu du, baina pozak gutxi iraun die eta Manresak abantaila murriztea lortu du.

Azken 10 minutuetan hirukoek erabaki dute partida. Kelatik amaierarako 1:56 falta zela sartu du berea, eta partida erabakita utzi du (58-67). Kataluniarrek aurrera egin dute, baina denbora falta izan zaie neurketa iraultzeko. Azkenean, 64-69 Baskoniaren alde.

Fitxa teknikoa:

64 - La Bruixa d'Or Manresa (20+17+11+16): Waters (8), Eriksson (3), Giannopoulos (2), Monroe (19), Asselin (4) –hasierako boskotea–, Hernández (-), Kouguere (11), Arteaga (6), Larsen (5) eta Creus (6).

69 - Laboral Kutxa (23+12+17+17): Heurtel (7), Jelínek (9), San Emeterio (3), Mainoldi (8), Pleiss (14) –hasierako boskotea–, Hamilton (6), Bjelica (6), Kaukenas (2), Hodge (9), Kelati (5) eta Diop (-).