Itxi

Baskonia

Euroligako 6. jardunaldia

Landutako garaipena lortu du Laboral Kutxak Tel Aviven (65-70)

L.E. | eitb.com

Gasteiztarrak hirugarrenez gailendu dira Euroligan eta Top 16an sartzeko aurrerapauso handia eman dute.

1:13

Laboral Kutxa Baskonia Maccabiri gailendu zaio 65 eta 70, Euroligako seigarren jardunaldian. Arabarrek partida ona jokatu eta merezita irabazi dute.

Lehen laurdena gasteiztarrena izan da. Defentsan eta erasoan sendo aritu dira Scarioloren mutilak, erritmoa kontrolatuz, eta nagusitasun hori markagailura eraman dute. Jelineken hiruko  batek 5 eta 15 jarri ditu aurretik arabarrak. Baina Maccabik ez du amore eman, eta puntu bakar batera hurbildu dira israeldarrak. Hodgek azken segundoan sartutako hirukoak lau puntuko aldea eman dio Laboral Kutxari lehen 10 minutuen amaieran: 16-20.

Jokoa erotu egin da bigarren laurdenean. Abiadura handiz jokatu dute bi taldeek, baina patxada gutxirekin. Maccabik defentsa aldatu du eta puntu batera jarri da hiru alditan, partida berdintzea lortu duen arte (31-31). Are gehiago, atsedenaldirako aurretik jarri da Tel Aviveko taldea: 35-34.

Atsedenaldiaren ostean Laboral Kutxak huts egin du, eta israeldarrek alde egin dute markagailuan (43-34). Scariolok etenaldia eskatu du aurkariaren erritmoa hausteko. Eta lortu egin du. Partidak ez du jaberik izan hirugarren laurdenean, baina Heurtelen, Hamiltonen eta Bjelicaren hirukoek aurretik jarri dituzte gasteiztarrak, 49-51, azken 10 minutuen faltan.

Azken laurdenean tentsioa izan da nagusi. Scariolorenak, hala ere, hobeto aritu dira errebotean eta erasoan. Baina Maccabi 62 eta 63 jarri da amaierarako bi minuturen faltan. Jelinek agertu da orduan, eta momentu erabakigarrietan bi saskiratze garrantzitsu sartu ditu garaipena bere taldearen alde jartzeko.

Azkenean 65 eta 70. Laboral Kutxak hirugarren garaipena lortu du Euroligan, bigarrena Maccabiren aurka.

Fitxa tenikoa:

65 - Maccabi Tel Aviv (16+19+14+16): Rice (7), Hickman (11), Smith (4), Ingles (3), Schortsanitis (4)-hasierako boskotea-, James (16), Blu (12), Landesberg (8).

70 - Laboral Kutxa (20+14+17+19): Heurtel (7), Jelinek (14), San Emeterio (2), Mainoldi (3), Pleiss (16)-hasierako boskotea-, Hodge (7), Kaukenas, Kelati, Hamilton (10), Bjelica (11).