Itxi

Baskonia

Euroligako 4. jardunaldia

Laboral Kutxak kale egin du Gasteizen Izar Gorriaren aurka (63-73)

L.E. | eitb.com

Gasteiztarrek euren multzoko azken sailkatuaren kontra galdu dute. Partida ez da ona izan, eta Scarioloren mutilek huts ugari egin dituzte, baina garaipena eskura izan dute.

1:50

Laboral Kutxak porrota jaso du Buesa Arenan Izar Gorriaren aurka, Euroligako laugarren jardunaldian (63-73). Bigarren porrota da gasteiztarrentzat Europan, aurten etxean jasotako lehenengoa.

Baskonistak negargarri aritu dira lehen laurdenean, eta zenbait momentutan txistuak entzun dira Buesa Arenado harmailetan. Serbiarrak aurretik jarri dira hasiera-hasieratik eta zuloa egin dute erraz, oso erraz. Sergio Scarioloren mutilei asko kosta zaie puntuak egitea, eta, gauzak horrela, lehen 10 minutuak 15 eta 25 amaitu dira, kanpotarren alde.

Etxekoen erreakzioa bigarren laurdenaren erdi aldera iritsi da. Baskonia 12 puntu atzetik izan da, 19-31, eta norgehiagoka berdintzea lortu du 12 eta 0eko partzialari esker. Gauzak horrela, Laboral Kutxa puntu bakarreko aldea duela iritsi da atsedenaldira (32-31), lehen zati ia osoan atzetik ibili aurretik.

Bigarren zatian, Baskoniaren jokoak hobera egin du nabarmen, baina,hala ere, ez dira markagailuan aldea zabaltzeko gai izan. 42ra, 46ra eta 48ra berdindu ostean, Izar Gorrikoak aurretik jarri dira berriro eta azken laurdenari 51 eta 54ko emaitzarekin heldu diote.

Azken 10 minutuetan galdu dute arabarrek partida. Markagailuan berriro aurrea hartzea eskura izan dute zenbait moemntutan (58-59, 60-61) baina ez dira azken ahaleginean asmatzeko gai izan. Izar Gorriak bizirik iraun du, estatubatuarrek egindako lanari esker, eta aldea zabaltzea lortu dute minutu gutxitan. Amaieran, beraz, 63-73; Belgradokoek lehen garaipena erdietsi dute aurten Euroligan.