Baskonia
Buesa Arenan
Laboral Kutxak garaipenarekin hasi du Euroliga (84-80)
Erredakzioa
Scarioloren gizonek garaipen garrantzitsua lortu dute Makabi Electraren kontra. Tibor Pleiss, lehenengo zatian, eta Lamont Hamilton, bigarrenean, partidako protagonista nagusiak izan dira.
Gasteizko taldeak garaipen ederra lortu du Buesa Arenan, Makabiren kontra (84-80). Lehenenego zatian, Baskonia jaun eta jabe izan da, baina atsedenaldiaren ostean Israelgo taldeak defentsa sendotu du, eta David Blatten gizonek markagailua irauli dute. Scarioloren taldeak saskiratze erabakigarriak sartu ditu, eta 2013-2014ko Euroliga garaipen garrantzitsuarekin hasi du.
Laboral Kutxa nagusi izan da Buesa Arenan, partidako lehenengo bi laurdenetan. Scarioloren gizonek azkar jokatu dute kantxan, eta 12-8koa jarri dute markagailuan. Hala ere, Devin Smithek saskiratze ikusgarria lortu du, eta 12-12koarekin Baskoniak defentsan akatsak egin ditu. Walter Hodgek ederki gidatu du taldea erasoan (20-14), eta Arabako taldeak markagailuan goitik (24-18) bukatu du aurreneko laurdena.
Bigarren laurdenean, Gasteizko taldeak erasoan ondo jarraitu du, eta Tibor Pleissek erakustaldia eman du taula azpian (28-20). Hickmanek 28-25ekoa jarri du markagailuan, baina Laboral Kutxak defentsa gogortu egin du, eta Jelinekek 36-25ekoa jarri du. San Emeteriok hiruko ikusgarri bat eskuratu du azkenengo segundoan, eta Baskonia 48-38koarekin joan da aldagelara.
Makabi Electrak defentsa sendotu egin du hirugarren laurdenean, eta Laboral Kutxak taula azpian indarra galdu du. Hickmanek 53-48koa jarri du markagailuan, baina Lamont Hamiltonek erantzun bikaina eman du, eta Arabako taldeak 10 puntuko aldea berreskuratu du (58-48). Hala ere, Ohayonek eta Devin Smithek saskiratze garrantzitsuak lortu dituzte, eta hirugarren laurdena 62-61 bukatu da.
Azkenengo laurdenean Israelgo taldeak markagailua irauli egin du (62-63), eta Baskoniak ezin izan du bere jokoa egin (69-72). 73-75ekoarekin Heurtelek hiruko oso garrantzitsua lortu du (76-75), eta frantziarrak beste saskiratze erabakigarri bat eskuratu du, 40 segundoren faltan (82-78). Hamiltonen jaurtiketa batek norgehiagoka erabaki egin du (84-80), eta Scarioloren gizonek garaipenarekin hasi dute 2013-2014ko Euroligako ibilbidea.
- Fitxa teknikoa:
84; Laboral Kutxa (24+24+14+22): Hodge (6), Causeur (8), San Emeterio (12), Nocioni (9), Hamilton (15) -hasierako bostekoa-, Heurtel (11), Jelinek (9), Pleiss (12), Kelati (2).
80; Makabi Tel Aviv (18+20+23+19): Rice (8), Hickman (20), Ingles (14), Blu, Schortsanitis (2) -hasierako bostekoa-, Ohayon (11), Smith (9), James (8), Pnini, Tyus (2), Landersberg (6).