Baskonia
Superkopa 2013
Laboral Kutxak ezin izan du Bartzelona indartsua mendean hartu
L.E. | eitb.com
Gasteiztarrek 73 eta 98 galdu dute, eta, ondorioz, Bartzelonak Superkopako final handia jokatuko du larunbatean Real Madrilen kontra (19:00).
Bartzelonak aise menderatu du Sergio Scarioloren Laboral Kutxa, saskibaloiko Superkopako bigarren finalerdian.
Baskoniak ez du partida ona jokatu eta Xavi Pascualen gizonak hasieratik jarri dira aurretik markagailuan. Kataluniarrek meritu guztiak egin dituzte finalerako txartela eskuratzeko. Finalean Real Madril izango dute aurrean, madrildarrek Bilbao Basket lehen finalerdian jipoitu baitu.
Partidan argi geratu da Endesa Ligan bi maila daudela: alde batetik, Real Madril eta Bartzelona daude; eta, bestetik, gainontzeko talde guztiak.
Indarrak alde izan dituzten bitartean, gasteiztarrek Bartzelonaren erritmoari eutsi diote, eta lehen laurdenaren amaieran, Bartzelona bi puntura izan dute: 25 eta 27. Baina hortik aurrera, Xavi Pascualen taldea jaun eta jabe izan da, eta bigarren laurdenean 13 eta 27ko partziala egin diote Laboral Kutxari.
Kataluniarren artean, Nachbar esloveniarrak sekulako partida egin du. Atsedenaldirako 15 puntu sartu ditu eta bere taldeari bultzada eman dio markagailuan (38-54). Baskoniak, berriz, agerian utzi du gabezi ugari dituela oraindik.
Bartzelona, jaun eta jabe
Bigarren zatian gauzak ez dira batere aldatu. Laboral Kutxari asko kostatzen zitzaion saskiratzeak egitea; Bartzelona, berriz, erraz eta gustura aritu da. 26. minuturako, kataluniarrak 45 eta 67 izan dira aurretik, Nachbar eta Tomic jokalarien jokoari esker.
Hamar minuturen faltan, Bartzelonak 25 puntuko aldea zuen, eta azken laurdenean emozio gutxi izan du jokoak. Hala ere, Scarioloren taldea jo eta ke aritu da azken segundora arte, markagailuko aldea murriztu nahian.
Fitxa teknikoa:
73 - Laboral Kutxa (25+13+13+22): Hodge (6), Jelinek (5), San Emeterio (11), Nocioni (13), Hamilton (12) -hasierako boskotea-, Heurtel (1), Clark (4), Pleiss (10), Kelati (6), Van Oostrum (5), Diop.
98 - Bartzelona (27+27+22+22): Huertas (5), Oleson (10), Abrines (11), Lampe (2), Tomic (16) -hasierako boskotea-, Sada (5), Dorsey (7), Todorovic, Nachbar (22), Papanikolau (8), Pullen (10), Hezonja (2).
Epaileak: Conde, Jiménez, Calatrava. Teknika adierazi diote Laboral Kutxako aulkiari (m. 25). Papanikolau (m. 26) eta Dorsey (m. 40) kanporatu dituzte.