Itxi

Baskonia

84-80

Caja Laboralek landutako garaipena lortu du

Erredakzioa

Baskoniak 84-80 irabazi dio Blancos de Rueda Valladolidi Buesa Arenan. Uste baino gehiago sufritu du Arabako taldeak.

  • Caja Laboral Baskonia-Blancos de Rueda

    Caja Laboral Baskoniak 84-80 irabazi dio Blancos de Ruedari. Argazkia: EFE

Caja Laboral Baskoniak landutako garaipena lortu du Blancos de Rueda Valladoliden aurka (84-80) Buesa Arenan. Euroligako partida jokatu ondoren, kale egin zuten Zan Tabaken mutilek Unicajaren aurka, baina oraingoan ez da halakorik errepikatu.

Ondo ekin dio Baskoniak partidari, eta abantaila politak lortu ditu lehen minutuetan (4-0, 10-3, 17-7 eta 21-9), baina Blancos de Ruedak lehen laurdeneko azken txanpan erreakzionatu du, eta aldeak murriztea lortu du. Lehen hamar minutuak Caja Laboralen aldeko 23-18ko emaitzarekin bukatu ziren.

Bigarren laurdenaren hasieran bazirudien Baskoniak garaipena bideratuta zeukala, baina ez da halakorik gertatu. Abantaila politak izan ditu Caja Laboralek laurden hinetan ere (35-27), baina Valladolidek ez du horren azkar etsi nahi izan, eta partida 48-42ko emaitzarekin iritsi da atsedenaldira.

Hirugarren laurdena oso parekatua izan da. Blancos de Rueda Valladolidek aurrea hartzea lortu du (50-51 eta 52-53), eta Baskoniak gogotik egin behar izan du lan laurden honetan. Azken laurdenera puntu bakarreko abantailarekin iritsi da Arabako taldea (61-60).

Azken laurdenean ere, lehia estua bizi izan da Buesa Arenan. Laurdenaren azken txanpara arte Caja Laboralek ez du garaipena bideratuta utzi. Azken minutura zortzi puntuko aldearekin iritsi da etxeko taldea, baina Baskoniak kale egin du bi jabetzatan, eta azken segundoetara hiru puntuko errentarekin iritsi da Arabako taldea. Dena den, denbora gutxi falta izan da partida amaierarako, eta azkenean, Baskoniak garaipena lortu du 84-80eko emaitzarekin.

Fitxa teknikoa:

84 Caja Laboral (23+25+13+23): Cook (5), Causeur (11), San Emeterio (9), M. Bjelica (9), Pleiss (8)-hasierako bostekoa-, Heurtel (8), Nocioni (13), Lampe (8), N. Bjelica (8), Jelinek (5).

80 Blancos Rueda Valladolid (18+24+18+20): Cizauskas (5), Grimau (8), Navarro, Martin (26), Sinanovic (7)-hasierako bostekoa-, Porta (10), O'Leary (12), Montañez (9).

Epailea: Arteaga, Castillo, Cardus.