Itxi

Baskonia

Euroliga

Final-laurdenetarako txartela (76-64)

Erredakzioa

Caja Laboral Baskoniak garaipen erosoa lortu du Montepaschiren kontra, eta beste kantxetan emandako emaitzak aldekoak izan dira. Hurrengo kanporaketan, Moskuko CSKA izango dute aurkari gasteiztarrek.

1:02

Caja Laboral Baskonia Euroligako final-laurdenetarako sailkatu da. Montepaschi Siena erraz gainditu du (76-64), eta gainontzeko partidetan ez da karanbola arrarorik eman. Bere multzoko laugarren postuan bukatu du Baskoniak, eta hurrengo kanporaketan Moskuko CSKAren aurka neurtuko ditu indarrak.

Lehen laurdena parekatua izan da arabarren eta italiarren artean. Aurkariak hobeto hasi du neurketa, baina minutuek aurrera egin ahala suspertu da Baskonia. Nemanja eta Lampe ondo ulertu dira elkarrekin, eta "Chapu" Nocionik bi hiruko sartu ditu (15-11).

Zan Tabaken taldeak alde garrantzitsua lortu du bigarren laurdenean. Talde lanak saria izan du, eta atzean zein erasoan ondo aritu da Baskonia. Dena den, azken bi minutuetan, erraztasun gehiegi eman dizkio Caja Laboralek Montepaschiri (39-27).

Hirugarren laurdenean ere Gasteizko taldea izan da nagusi. San Emeteriok hiruko ikusgarria lortu du azken segundoan, eta Baskoniak hamabost puntuko abantailarekin ekin dio azken laurdenari (57-42).

Eta lasaitasunarekin, horrelakoa izan da azken laurdena, lasaia. Baina Tabak ez zegoen erabat konforme eta gehiago eskatu die bere jokalariei, ez zuen azken orduko ezustekorik nahi. Lampe izan da norgehiagokaren saskiratzaile nagusia 27 puntu lortuta, eta Montepaschin 24 egin ditu Brownek.

Fitxa teknikoa:

76 - Caja Laboral (15+24+18+19): Cook (5), Causeur (7), Nocioni (13), M. Bjelica, Pleiss (3)-hasierako bostekoa-, Heurtel (2), San Emeterio (13), Lampe (27), N. Bjelica (6).

64 - Montepaschi Siena (11+16+15+22): Brown (24), Rasic, Moss (5), Kangur (1), Eze (7)-hasierako bostekoa-, Ress, Carraretto (2), Janning (8), Hackett (6), Sanikidze (7), Ortner (4).

Final-laurdenak:

Bartzelona - Panathinaikos
CSKA Moscú - Caja Laboral
Real Madril - Maccabi Tel Aviv

Olinpiacos - Anadolu.