Baskonia
Euroliga (73-83)
Caja Laboralek garaipena lortu du Besiktasen aurka
Erredakzioa
Arabako taldeak 73-83ko emaitzarekin irabazi du Istanbulen, eta amaiera eman dio Top 16ko bolada txarrari. Bost partida jarraian galduta zeramatzan Baskoniak Euroligan.
Caja Laboral Baskoniak garaipena lortu du Besiktasen aurka (73-83), eta Euroligako Top 16an zeraman bolada txarrari amaiera eman dio. Bost porrot jarraian zeramatzan Zan Tabakek zuzentzen duen taldeak.
Partida hasiera parekatua izan da, baina bosnako (5-5) berdinketa eman den unetik, Baskonia nagusitzen hasi da. Arabako taldeak abantaila polita lortu du (16-8), eta lehen hamar minutuak zortzi puntuko aldearekin bukatzea lortu du (10-18).
Bigarren laurdenean erabat nagusi izan da Caja Laboral. Hasieratik jaun eta jabe izan da Baskonia, eta hamazpi punturainoko aldea izatera iritsi da (10-27). Ondoren, Besiktasek aldeak pixka bat murriztea lortu du (15-29), baina Caja Laboralek berera jarraitu du, eta hogei puntuko aldea lortu du atsedenaldira iristean (23-43).
Atsedenaldia ondo etorri zaio Turkiako taldeari. Indartsu kantxaratu du Besiktas hirugarren laurdenean, eta aldeak asko murriztea lortu dute turkiarrek. Hogei puntuko desabantaila izan du Besiktasek, baina laurdenaren azken txanpan bi puntura jarri da etxeko taldea (43-45). Azken minutuetan Baskoniak erritmoa bizitu du, eta hirugarren laurdena 50-58ko emaitzarekin amaitu da.
Azken laurdenak ez du kolorerik izan. Zan Tabaken mutilak laurdenaren hasieran utzi nahi izan dute partida erabakita, eta helburua bete dute. Azkar hartu du abantaila Caja Laboralek, eta hamar puntuko aldearekin irabazi du partida (73-83).
Fitxa teknikoa:
73 - Besiktas (10+13+27+23): Minard (14), Ozer (13), Cetin (3), Akin (4), Vidmar (18)-hasierako bostekoa-, Guler (3), Falker, Markota (13), Christopher (5), Acik.
83 - Caja Laboral (18+25+15+25): Heurtel (3), Causeur (6), San Emeterio (10), M. Bjelica (2), Lampe (14)-hasierako bostekoa-, Cook, Nocioni (22), Pleiss (15), N. Bjelica (11).
Epaileak: Pukl (SLO), Ryzhyk (POL), Koromilas (GRE).