Itxi

Baskonia

Kanaria Handiaren aurrean

Caja Laboralek garaipenaren bidea berreskuratu du

Erredakzioa

Baskoniak norgehiagoka zaila (85-74) irabazi du Herbalifen kontra Buesa Arenan. Zan Tabaken jokalariek lan handia egin behar izan dute Kanariako taldea mendean hartzeko.

1:10
Argazkia: EFE

Caja Laboral Baskoniak landutako garaipena (85-74) lortu du Herbalife Kanaria Handia talde sendoaren aurrean. Azken lau partidak galdu ostean bolada txarrari amaiera eman diote arabarrek. Gasteiztarrek garaipena behar zuten azken neurketetan azaldutako zalantzak ahazteko.

Baskoniak Euroligako esfortzua ez du ordaindu lehen laurdenean. Horrela, Herbaliferi eutsi dio Buesa Arenan. Kanaria Handiak aurrea hartu du markagailuan, baina Zan Tabaken jokalariek ez dute etsi eta aurretik amaitu dute lehen partziala (24-20).

Gasteiztarren jokoa zertxobait trabatu da bigarren zatiaren hasieran, baina Tabakek garaiz zuzendu du taldearen norabidea. Baskoniako entrenatzaileak hutsartea eskatu du eta etxekoen jokoa zuzentzeko funtsezkoa izan da. Horrela, arabarrek markagailuan alde egin dute atsedenaldia baino lehen, eta partidako abantailik handiena lortu dute (40-30).

Baskoniak ez du batere ondo hasi hirugarren laurdena eta Kanaria Handiak 0-11 partziala sartu die arabarrei. Tabakek beste hutsarte bat eskatu behar izan du. Hasierako nahaste-borrastearen ostean, Caja Laboral suspertu da eta Kanariako taldearen entrenatzaileak erritmoa eteteko hutsartea eskatu behar izan du.

San Emeterio kapitainak bi hiruko ia jarraian saskiratu ditu eta Caja Laboral aurretik markagailuan utzi du azken laurdenera bidean (62-55). Laugarren partzialean arabarrek mahai gainean kolpea eman dute. Heurtelek eta Nemanja Bjelicak taldea garaipenera eraman dute. Era berean, Nocionik partida borobila jokatu du.

Fitxa teknikoa:

85 - Caja Laboral (24+16+22+23): Heurtel (13), San Emeterio (12), Nocioni (18), M. Bjelica (10), Lampe (16) -hasierako bostekoa-, Cook, Causeur (11), Pleiss (2), N. Bjelica (3) eta Jelinek.

74 - Herbalife Kanaria Handia (20+10+25+19): Bellas (12), Toolson (15), Newley (13), Nelson (14), Rey (12) -hasierako bostekoa-, Beiráa, Guerra, Baez (8) eta Scheyer.