Itxi

Baskonia

Kopako finalerdia

Baskoniaren ametsa azken laurdenean zapuztu du Barçak

Erredakzioa

Caja Laboralek 69-80 porrot egin du Bartzelona Regalen aurrean. Baskoniak aurreneko hiru laurdenetan egindako lan bikaina pikutara bidali du azken laurden oso txar batean.

0:59

Bartzelona Regalek Baskoniako zaleen ametsa zapuztu du Buesa Arenan (69-80). Aurreneko hiru laurdenetan bikain jokatu dute arabarrek, baina Caja Laboral unerik txarrenean desagertu da, azken laurdenean, alegia. Barçak ez du barkatu eta oparia ederki aprobetxatu du.

Caja Laboralek partida erraza ez zela izango bazekien, eta horregatik lanerako prest kantxaratu da Buesa Arenan. Lehen laurdenean Baskoniak markagailuan ihes egin behar zuela ematen zuen, baina Bartzelonak ongi eutsi die etxekoei (19-18).

Bigarren laurdenean norgehiagoka asko parekatu da eta oso bizi joan da. Bi taldeak ez dira markagailuan alde egiteko gai izan. Edozein hutsegite azkenean partida erabaki zezakeela bazekiten bi taldeek.

Atsedenaldiaren ostean norgehiagoka handiak jarraipena izan du. Erasoko jokaldi bikainak defentsa estuekin uztartu dira, eta bi taldeak ez dira oreka hausteko kapaz izan. Horrela, dena azken laurdenean erabaki behar izan da.

Unerik txarrenean Caja Laboralek behera egin du, eta Barçak ederki aprobetxatu du (0-15eko partziala). Navarro eta Rabasedaren bi hirukok Baskonia jota utzi dute.

Zan Tabakek hutsartea eskatu du, baina talde arabarra ez da suspertu. Partidaren azken tartean Baskonia ezinean aritu da eta Navarrok gupidarik gabe neurketa erabaki du.

Giro bikaina Buesa Arenan

Gasteizko Buesa Arenak Caja Laborali babes ikaragarria eman dio finalerdian. 15.059 pertsonek pabiloia lepo bete dute, baina gehiegoa Caja Laboral laguntzeko gorriz jantzita hurbildu dira. Inauteriak aprobetxatuz jarraitzaile arrabar asko mozorrotu egin dira.

Errege Kopako talde anfitrioak harmailak lagun izan ditu. Bartzelonako 1.000 bat jarraitzaile bildu dira pabiloiaren goialdean, baina animoak ez dira entzun Buesa Arenan.

Fitxa teknikoa:

69 - Caja Laboral (19+20+18+12): Heurtel (11), Causeur (4), Nocioni (11), Mirko Bjeliça (2) eta Lampe (15) -hasierako bostekoa-; Cook, Jelinek, San Emeterio (5), Nemanja Bjeliça (10) eta Pleiss (11).

80 - FC Bartzelona Regal (18+17+20+25): Sada (4), Navarro (20), Mickeal (5), Lorbek (12) eta Tomic (9) -hasierako bostekoal-; Huertas (4), Jasikevicius, Oleson (9), Wallace (3), Jawai (7) eta Rabaseda (7).