Itxi

Baskonia

Euroliga

Bartzelonak amaiera eman dio Baskoniaren bolada onari (79-90)

Erredakzioa

Zan Tabaken mutilek partida kaskarra jokatu dute defentsan, eta Xavi Pascualen taldeak garaipena eskuratu du Buesa Arenan. Arabako taldeak agur esan dio bolada onari.

1:20
Manel Comas Baskoniako entrenatzaile ohia Buesa Arenan. Argazkia: EFE

Caja Laboral Baskoniak agur esan dio bolada onari Bartzelonaren aurka 79-90 galduta. Xavi Pascualen taldea nagusi izan da Buesa Arenan, batez ere bigarren zatian, eta Gasteizko taldeak akats gehiegi egin ditu erasoan. Tabaken mutilek 54 egun porrotik ezagutu gabe eman dituzte, baina Kataluniako taldeak bolada onari bukaera eman dio.

Arabako taldeak konfiantzarekin hasi du norgehiagoka, eta Thomas Heurtelek ondo gidatu du taldea erasoan. Baskoniak 19-11koa jarri du markagailuan, eta Maciej Lampe aise nagusitu da taula azpian. Hala ere, Xavi Pascualen mutilak suspertu egin dira, eta Inglesek 23-23koa jarri du. Aurreneko laurdena 28-27koarekin bukatu da, Buesa Arenan.

Bigarren laurdenean, Bartzelonak 0-7ko partziala eskuratu du, eta markagailuan goitik jarri da (34-37). Hala ere, Omar Cookek hiruko bikaina eskuratu du 39-39koa jartzeko. Caja Laboralek intentsitatea galdu du, erasoan batez ere, baina Kataluniako taldeak ere akatsak egin ditu. Atsedenaldian, talde blaugrana markagailuan goitik izan da (47-50).

Zan Tabaken mutilek gaizki hasi dute bigarren zatia erasoan eta defentsan, eta Bartzelonak 10 puntuko aldea lortu du (51-61). Baskoniak asko sufritu du Pete Mickeal gelditzeko, eta Xavi Pascualen mutilek markagailuko aldea handitu dute (54-67). San Emeteriok puntu garrantzitsuak eskuratu ditu, baina Arabako taldeak ezin izan du aldea asko murriztu (60-69).

Azkeneko laurdenean, Caja Laboralek 8-0ko partzial garrantzitsua lortu du, eta markagailuan puntu bakarrera hurbildu da (68-69). Hala ere, Barçak erasoan sakatzen jarraitu du, eta aldea handitu egin du, berriz ere (70-78). Sadak ia erabakita utzi du neurketa hiruko ikusgarri batekin (72-85), eta Tabaken mutilek ezin izan dute emaitza irauli. Azkenean, norgehiagoka 79-90koarekin bukatu da.

- Fitxa teknikoa:

79 - Caja Laboral (28+19+13+19): Heurtel (2), Oleson (6), Nocioni (9), M. Bjelica (8), Lampe (21)-hasierako bostekoa-, Cook (6), San Emeterio (14), Causeur (2), N. Bjelica (11), Pleiss, Cabezas.

90 - Bartzelona Regal (27+23+19+21): Sada (9), Navarro (11) Mickeal (23), Wallace (3), Tomic (11)-hasierako bostekoa-, Huertas (2), Lorbek (9), Ingles (12), Jasikevicius (2), Rabaseda, Jawai (8).