Baskonia
17. jardunaldia
Caja Laboralek asko sufritu du garaipena lortzeko
Erredakzioa
Zan Tabaken mutilek luzapenean irabazi dute Manresaren aurkako neurketa (95-101). Maciej Lampe erabakigarria izan da, ederki gidatu baitu Baskonia une garrantzitsuenetan.
Baskoniak garaipen garrantzitsua lortu du Manresaren aurka (95-101), eta Arabako taldeak bolada onarekin jarraitzen du. Lehenengo zatian Zan Tabaken mutilak nagusi izan dira, kantxan, baina atsedenladiaren ostean Kataluniako taldeak erantzuna eman du, eta partida luzapenera joan da. Maciej Lampe poloniarrak ederki gidatu du taldea luzapenean.
Caja Laboral Baskoniak norgehiagoka oso ondo hasi du defentsan, eta Lampek eta Milko Bjelicak lan bikaina egin dute taula azpian. Zan Tabaken mutilak aurreneko laurdenean jaun eta jabe izan dira, eta markagailuan 15-20 goitik jarri dira.
Bigarren laurdenean Kataluniako taldeak erasoan intentsitate gehiago ezarri du, baina Baskoniak ere erasoan sakatzen jarraitu du. Lampe nagusi izan da kantxan, eta Arabako taldea markagailuan goitik mantendu da (34-38).
Atsedenaldiaren ostean Olesonek ondo gidatu du Caja Laboralen erasoa, baina Manresak markagailua estutu du (54-56). Ponsarnauren mutilek 56-56koa jartzea lortu dute, baina Cookek eta Pleissek Baskonia, berriz ere, markagailuan goitik jarri dute (58-61). Hala ere, hirugarren laurdena 62-61ekoarekin bukatu da.
Azkeneko laurdenean Kataluniako taldeak markagailua irauli du, berriz ere, Troy Devriesen hiruko ikusgarri bati esker (70-69), eta Manresak agindu egin du kantxan. Norgehiagokako azkenengo minutuan Fernando San Emeteriok partida berdindu ein du hiruko batekin (81-81), eta jarraian, kantabriarrak bi jaurtiketa libre sartu ditu (81-83). Hala ere, Adam Hangak 83-83koa jarri du, eta partida luzapenera joan da.
Luzapenean Caja Laboral Baskonia nagusi izan da, eta Maciej Lampek erakustaldia eman du taula azpian (83-92). Zan Tabaken mutilek ederki erabaki dute neurketa, eta bolada onarekin jarraitzea lortu dute (95-101).
Fitxa teknikoa:
95 - MANRESA (15+19+28+21+12): Rodriguez (11), DeVries (23), Hanga (12), Yanev (5), Asselin (14) -hasierako bostekoa-, Arco (5), Arteaga (8), Ramsdell (13), Palsson (4), Hernández eta Pardina.
101- CAJA LABORAL (20+18+23+22+18): Heurtel (5), Oleson (12), San Emeterio (16), Milko Bjelica (4), Lampe (23) -hasierako bostekoa-, Pleiss (6), Nemanja Bjelica (18), Causeur (6), Nocioni (5), Cook (6) eta Cabezas.