Itxi

Baskonia

Euroliga

Caja Laboralek Besiktas anarkikoa jipoitu du Buesa Arenan

Erredakzioa

Baskoniak laster bideratu du norgehiagoka; izan ere, arabarrek lehen laurdenean abantaila lortu eta neurketa osoan zehar ederki kudeatzen eta mantentzen jakin dute.

1:00
Caja Laboral Baskonia

Caja Laboral Baskoniak garaipen erosoa (77-51) lortu du gaur Besiktasen aurrean, Euroligako Top 16an. Horrela, arabarrek hamalaugarren garaipena jarraian eskuratu dute. Partidak ez du historiarik izan, Turkiako taldea ezinean aritu delako.

Caja Laboralek ederto hasi du partida erasoan, eta lehen laurdenean nagusi izan da. Turkiako taldea, ostera, erasoan kamuts aritu da, eta defentsan oso ahul azaldu da. Horrela, arabarrek Besiktasen ahultasuna aprobetxatu dute eta 25-2 partziala sartu diote aurreneko minutuetan.

Turkiako taldearen entrenatzaileak hutsartea eskatu du eta hondamendia konpontzen saiatu da, baina ez du eragin handirik izan eta lehen partzialean abantaila polita lortu dute gasteiztarrek (27-7).

Bigarren laurdenean Besiktasek zertxobait hobetu du bere jokoan, baina ez da nahikoa izan Zan Tabaken taldea estutzeko, arabarrek aldea ongi kudetu baitute (45-24). Besiktas talde oso anarkiko bat bezala azaldu da lehen zatian.

Atsedenaldiaren ostean, lehen zatian bezalaxe, errebotean izan den aldeak partida erabat markatu du. Tabaken jokalariak taula azpiko jokoan nagusi izan dira (63-35). Arabarrek ikaragarri hobetu dute errebotean entrenatzaile berriarekin.

Azken laurdenak Baskoniaren paseoa baieztatu du. Besiktas markagailua apaintzen saiatu da, baina gogo handirik gabe.

Fitxa teknikoa:

77 - Caja Laboral (27+18+18+14): Heurtel (6), Oleson (13), Nocioni (2), M. Bjelica (12), Lampe (12)-hasierako bostekoa-, Cook, Causeur (5), San Emeterio (5), Pleiss (12), N. Bjelica (5), Cabezas
(5), Calbarro.

51 - Besiktas (7+17+11+16): Jerrells (10), Christopher (4), Guler, Nalga (2), Markota (2)-hasierako bostekoa-, Ewing (12), Falker (7), Cetin (3), Hersek, Akin (5), Ozer (6).