Itxi

Baskonia

Intentsitate handia

Landutako garaipena lortu du Baskoniak derbian (81-80)

Erredakzioa

Zan Tabaken taldeak Bilbao Basket gainditu du Buesa Arenan. Partida azken segundoetan erabaki da, eta Baskoniak denboraldiko bederatzigarren garaipena eskuratu du.

01:12
Baskoniak Bilbao Basket hartu du mendean, Buesa Arenan

Caja Laboral Baskoniak garaipena lortu du Bilbao Basketen aurka, Buesa Arenan, jokatutako derbian (81-80). Partida parekatua izan da eta garaipena azken segundoetan erabaki da.

Zirraragarria eta intentsitate handikoa izan da lehen laurdena. Aurreneko minutuak nahiko parekatuak izan dira, baina Zan Tabaken gizonek hirukoetan ezarri dute aldea.

"Hirukoen jaiak" bigarren laurdenean izan du jarraipena, eta Baskoniak errenta garrantzitsua eskuratu du (33-21). Nocioni, San Emeterio eta Causeur izan dira erabakigarriak. Baina suspertu dira beltzezko gizonak, eta bigarren zatiari partidan sartuta egin diote aurre (44-41).

Gasteiztarrek hamabi puntuko aldea erdietsi dute berriro ere (53-41), baina Bilbao Basketek ez zuen amore eman nahi eta hirugarren laurdena bukatzeko hiru minutaren faltan, bi puntura hurbildu dira (55-53), hein handi batean, Vasileiadisen asmatzeari esker. Hirugarren laurdenaren amaieran, baskoniarrak ziren nagusi (65-57).

Hamar minutu geratzen ziren, eta ezer ez zegoen erabakita. Baskonia zen nagusi, baina 38 minutuan, Hamiltonen saskitatzeak 75-73ko markagailuarekin jarri du norgehiagoka. Emozioa azken unera arte ziurtatuta zegoen, amaierarako 47 segundoren faltan partida berdindu baitu Vasileiadisek (77-77).

Azken jabetza Bilbao Basketentzat izan da, baina Vasileiadisek eta Hamiltonek ez dute elkar ulertu, eta erasoan baloia galdu dute. Nocionik sartutako jaurtiketa libre bik garaipena eman diote Caja Laborali. Azken unean hirukoa sartu du Hamiltonek, baina ez du partida irabazteko nahikoa izan (81-80). Endesa Ligan, bederatzigarren garaipena lortu dute arabarrek.

Fitxa teknikoa:

81 Caja Laboral (22+22+21+16): Heurtel (2), Causeur (10), Nocioni (17), M. Bjelica (7), Lampe (8)-hasierako bostekoa-, Cabezas (2), Oleson (3), San Emeterio (18), Pleiss (2), N. Bjelica (12)

80 Bilbao Basket (18+23+16+23): Zisis (9), Vasileiadis (16), Mumbru (14), Hervelle (10), Hamilton (20)-hasierako bostekoa-, Grimau, Rakovic (4), Moerman (7).