Itxi

Baskonia

97-70

Caja Laboralek Top 16ra sailkatzea lortu du Cedevitari irabazita

Erredakzioa

Baskoniak ez du lehen laurden ona jokatu, baina bigarren laurdenean bideratuta utzi du graipena. Ondorioz, Euroligako hurrengo faserako sailkapena eskuratu du talde arabarrak.

  • Caja Laboralek 97-70 jipoitu du Cedevita BUesa Arenan. Argazkia: EFE

Caja Laboral Baskoniak 97-70eko emaitzarekin irabazi dio Cedevita Zagrebi Buesa Arenan, eta Top 16rako sailkapena lortu du talde arabarrak. Multzoen fasea gaizki hasi arren, Europako 16 talde onenen artean izango da Baskonia beste urte batez. Top 16ko F multzoan egongo da Caja Laboral Baskonia eta Maccabi Tel-Aviv, Regal Bartzelona, Panathinaikos, Montepaschi Siena, Besiktas, Fenerbache eta Olympiakos taldeak izango ditu aurkari.

Partida zalantza askorekin hasi du Caja Laboralek, eta, Cedevita aurkariak emandako erraztasunez baliatu da. Kanpoko taldeak sei puntuko abantaila lortu du partida hasieran (6-12), baina garaiz suspertu da Baskonia, eta aldeak murriztea lortu du. Lehen hamar minutuak Cedevitaren aldeko 15-17ko emaitzarekin bukatu dira.

Bigarren laurdenean aldatu da norgehiagoka. Epaileek kirolez kontrako falta adierazi diote Cedevitari, eta Baskoniak zuloa sortu du markagailuan. Egoera horri esker, eta Caseurren hirukoak direla medio, Caja Laboralek bideratuta utzi du garaipena. Etxeko taldea, 19 puntuko abantailarekin iritsi da atsedenaldira (49-30).

Hirugarren laurdenean Baskonia ez da erlaxatu. Cedevita aldeak murrizten saiatu da, baina Caja Laboralek ez dio aurkariari inolako erraztasunik eman. Aldeak mantenduz ibili da Caja Laboral laurden honetan, eta 69-49ko emaitzarekin bukatu da hirugarren laurdena.

Azken laurdena festa giroan bizi izan dute jokalariek eta zaleek. Baskoniak erraz eta gustora jokatu du bere zaleen aurrean. Ikuskizuna eskaini du talde arabarrak, eta jipoi galanta eman dio Cedevitari. Azkenean, 97-70eko emaitzarekin lortu du garaipena Caja Laboral Baskoniak.

Fitxa teknikoa:

97 Caja Laboral (15+34+20+28):Heurtel (3), Oleson (3), San Emeterio (4), M. Bjelica (7), Lampe(10)-hasierako bostekoa-, Cabezas (3), Nocioni (11), Pleiss (2), Causeur(23), N. Bjelica (22), Rochestie (3), Calbarro.

70 Cedevita Zagreb (17+13+19+21):Wright (11), Green (7), Gelabale (12), Suput, Bilan (5)-hasierako bostekoa-,Suton (12), Andric (10), Ilievsky (5), Bazdaric (8), Nurkic.

Epaileak: Mogulkoc (TUR), Vyklicky (POL), Jasevicius (LIT).