Gipuzkoa Basket
Endesa Liga
Caja Laboralek garaipena lortu du Lagun Aroren aurkako derbi estuan
Erredakzioa
Baskoniak azken unean irabazi du partida. Talde gipuzkoarra lau puntuko abantailarekin iritsi da azken minutura, baina ez dira emaitza mantentzeko gai izan.
Caja Laboral Baskoniak landutako garaipena lortu du Lagun Aro GBCren aurka jokatu duen euskal derbian. Talde arabarra, 69-71eko emaitzarekin nagusitu da Illunben.
Partida hasieran saskiratze gutxi izan dira, baina Baskonia izan da nagusi, batez ere lehen minutuetan. 1-10eko partzialarekin ekin dio laurdenari Caja Laboralek, baina jarraian etorri da Lagun Aroren erantzuna. Talde gipuzkoarrak erasoko jokoa hobetu du, eta lehen hamar minutuak 10-15eko emaitzarekin bukatu dira.
Bigarren laurdenean asko estutu da norgehiagoka. Parekotasuna izan da nagusi. Hasieran Baskoniak abantaila polita hartu du (18-26), baina lehen laurdenean gertatu bezala Lagun Arok azkar erantzun du. Atsedenaldira iristeko hamalau segundo falta zirenean Lagun Arok aurrea hartu du markagailuan (36-35), baina Baskoniaren aldeko puntu bateko abantailarekin iritsi da partida atsedenaldira (36-37).
Lagun Arok hirugarren laurdenean azaldu du bere jokorik onena. Atsedenalditik itzulita, talde gipuzkoarra Caja Laboral baino gehiago izan da. Pixkanaka abantailak lortzen hasi da Sito Alonsok zuzentzen duen taldea, eta hiru puntuko errentarekin bukatu du hirugarren laurdena (60-57).
Lehia azken laurdenean erabaki behar izan da. Laugarren laurden honetan Baskonia une oro atzetik joan da markagailuan. Lagun Arok lau puntuko abantaila izan du neurketa azken minutuan sartu denean, baina ez da alde horri eusteko gai izan. Caja Laboralek partida berdintzea lortu du lehenengo, eta amaierarako segundo gutxi falta zirenean, aurrea hartu du markagailuan. Azken jabetza Lagun Arorentzat izan da, baina ez dute saskiaren aurrean asmatu, eta garaipena Caja Laboral Baskoniak lortu du 69-71eko emaitzarekin.
Fitxa teknikoa:
69.- Lagun Aro GBC: Neto, Papamakarios, Taylor (5), Woods (4), Doblas (4)- , Kuksiks (2), Ibekwe (16), Salgado (27), Díez (3), Rubio (8), Olaizola, Motos.
71.- Caja Laboral: Oleson (10), Lampe (4), Heurtel (5), Milko Bjelica (7), Nocioni (21)- Rochestie (2), Cabezas, San Emeterio, Pleiss (6), Calbarro, Causeur (9), Nemanja Bjelica (7).
Epaileak: Perez, Araña eta Rial.
Partzialak: 10-15; 36-37- atsedenaldia- 60-57; 69-71.