Itxi

Gipuzkoa Basket

54-67, Unicajaren aurka

Lagun Aro GBCk denboraldiko seigarren porrota jaso du

Erredakzioa

Gipuzkoa Basketek lehen laurden kaskarra jokatu du, eta abantaila handiegia eman dio Unicajari. Bigarren laurdenean suspertu dira gipuzkoarrak, baina azken bi laurdenetan aurkaria nagusitu da.

  • Lagun Arok 54-67 galdu du Unicajaren aurka. Argazkia: EFE

Lagun Aro GBCk denboraldiko seigarren porrota jaso du Unicajaren aurka, 54-67 galduta. Talde gipuzkoarrak sailkapeneko behealdean jarraitzen du.

Oso gaizki ekin zion partidari Lagun Arok, eta Unicaja horretaz baliatu zen abantaila hartzeko. Lehen laurdenaren erdialdean, kanpoko taldeak zortzi puntuko abantaila lortu zuen. Ordutik aurrera, abantaila areagotzen hasi zen Unicaja, eta lehen laurdena talde andaluziarraren aldeko hamalau puntuko aldearekin bukatu zen (12-26).

Bigarren laurdenean GBCk itxura hobetu nahi zuen, eta Sito Alonsok zuzentzen duen taldeak helburua lortu zuen. Baloi guztiak borrokatu zituzten gipuzkoarrek, eta defentsa sendoarekin Unicajaren erasoko jokoa geratzea lortu zuten. Lagun Aroren lan onak saria jaso zuen, eta puntu bakarreko desabantailarekin iritsi ziren atsedenaldira (33-34).

Atsedenalditik itzulita Lagun Arok irudi kaskarra eman zuen. Etxeko taldeak ez zuen erasoan asmatu, eta erraztasunak eman zizkion aurkariari. Unicajak talde gipuzkoarraren opariak baliatu zituen abantaila hartzeko, eta hirugarren laurdena, kanpoko taldearen aldeko 42-53ko emaitzarekin bukatu zen.

Lagun Aro aldeak murrizten saiatu zen azken laurdenean, baina Unicajak aurreko laurdenean lortutako abantaila ezin hobeto erabili zuen. Talde andaluziarrak hamazazpi punturainoko aldea lortu zuen (50-67), eta partida 54-67ko emaitzarekin bukatu zen.

Fitxa teknikoa:

54.- Lagun Aro GBC: Neto (8), Rubio (4), Woods (6), Kuksisk (4), Doblas (6) -hasierako bostekoa- Papamakarios (6), Taylor (5), Díez (0), Salgado (3), Korolev (1), Ibekwe (11), Olaizola.

67.- Unicaja: Zoric (13), Dragic (8), Urtasun (8), Calloway (10), Fran Vazquez (7) -hasierako bostekoa- Williams (2), Carlos Jiménez (0), Simon (15), Lima (0), Perovic (2), Gist (2).

Epaileak: Conde, Sanchez eta Fernandez.