Gipuzkoa Basket
73-79
Luzapenean irabazi dio Tenerifek Gipuzkoa Basketi
ERREDAKZIOA | EITB.EUS
Ihes egin die Ligako lehen garaipenak talde gipuzkoarreko jokalariei. Lehen hiru laurdenetan nagusi izan diren arren, ezin izan dute markagailua alde mantendu eta laugarren porrota jaso dute jarraian.
Luzapenean irabazi dio Iberostar Tenerifek Gipuzkoa Basketi Donostia Arenan (Illunbe). Valdeolmillosen taldea kanariarrei gailentzeko balentriak eginak zituen, baina luzapenak ez die mesede egin.
Atzeratu egin da gainera, partidaren hasiera posesioa neurtzen duen erlojuarekin arazoak izan dituztelako.
Entrenatzaile granadarrak hasieratik atera duen boskotea honakoa izan da: Gutierrez, Nevels, Bobrov, Salvo eta Barro; bigarrenak sekulako partida egin duelarik.
Lehen laurdenari dagokionez, Valdeolmillosen taldeak gupidagabe ekin dio neurketari eta aurreneko minutuetan, jaun eta jabe izan da, Nevelsen saskiratzeei esker, berak eman baititu lehen bost puntuak taldeari. Min handia egin die hasiera gogor horrek aurkariari, eta azkenik, 26-15ko emaitzarekin eman diote amaiera lehen zatiari.
Bigarren laurdenean, GBCk partidaren nagusitasuna bere egin du markagailua bere alde izanik une oro, baina Tenerife hurbiletik zuen jarraiki. Hala ere, gipuzkoarrek eutsi egin dute eta 43-36 iritsi dira atsedenera; apzimarragarri izan da bertan ere, Nevels eta Bobroven jokoa.
Hirugarren laurdenean, Iberostar Tenerifek aldea murriztu du eta GBCren emaitzarengandik gero eta hurbilago zegoen. Valdeolmillosen taldeak, ordea, lanak izan ditu nagusitasun hori mantentzeko; izan ere, Txus Bidorretak zuzentzen dituen jokalariek konfiantza handia erakutsi dute jokoan (55-53).
Azken laurdenean, Gipuzkoa Basketek ezuste handia hartu du atsedenaren ostean Tenerifek egundoko indarra erakutsi ostean. Berdinketa iritsi da Illunbera, eta hortik aurrera, Iberostar indarberritu egin da eta aurrea hartu dio GBCri. Minutuek aurrera egin ahala, gainera, gero eta parekatuago zegoen norgehiagoka McFaddenen saskiratze batek luzapena eragin duen arte (68-68).
Delteco Gipuzkoa Basketen aukerak ezeresean gelditu dira Bidorretaren taldea aukera guztiez baliatu baitira. Gauzak horrela, ihes egin dio talde gipuzkoarrari Ligako aurreneko garaipenak, eta ondorioz, laugarren porrota jaso du jarraian. Tenerifek bestalde, Ligako hirugarren garaipena eskuratu du (73-79).
Fitxa teknikoa:
73.- Delteco Gipuzkoa Basket: Gutierrez (2), Nevells (19), Bobrov (16), Salvo (7), Barro (2)- lehen boskotea- Van Lacke (5), Beraza (2), Sekulic (9), Dani Perez (5), Oroz, Corbacho (6), Maiza.
79.- Iberostar Tenerife: San Miguel (6), McFadden (18), Beirán (13), Abromaitis (3), Colton Iverson (3)- lehen boskotea- Saiz (12), Staiger (9), Bassas (6), Bonde, Gillet (9).
Epaileak: Perez, Serrano, Gonzalez Galvez.