Gipuzkoa Basket
2. jardunaldia
Delteco GBCk Ligako bigarren partida ere galdu du, Zaragozaren aurka oraingoan
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gipuzkoarrek bederatzi puntuko aldea zuten (61-70) partida amaitzeko bost minutu eta erdiren faltan, baina hiru puntu bakarrik sartu dituzte hortik aurrera.
-
Blagota Sekulic izan da gipuzkoarren jokalaririk onena. Argazkia: EFE
Delteco GBCk galdu egin du Tecnyconta Zaragozaren aurkako partida (76-73), azken hiru minutuetan partzial negargarria jaso ostean (9-0). Horrenbestez, Sergio Valdeolmillosen mutilek denboraldiko bigarren porrota pilatu dute beste horrenbeste jardunaldi jokatu ostean.
Partida ez da oso ikusgarria izan, eta bi taldeek izan dituzte eraikitze-prozesuan murgilduta dauden taldeek egin ohi dituzten akatsak. Dena den, donostiarrek ondo jardun dute, batez ere bigarren zatian, baina tarte horretan egindako lana bertan behera geratu da zorigaiztoko azken minutuan.
Minutu horretan etxekoek azaldu duten grinak eta eraginkortasunak garaipena eman die, nahiz eta ordura arte norgehiagoka nola joan den ikusita gutxik espero zuten partida irabaziko zutenik.
Lehiako azken 60 segundoetan, Aragoiko taldeak garaipena eman dion 6-0eko partziala lortu du, gipuzkoarren hiru akats baliatuta.
Gipuzkoa Basketen aldetik, Vyachslav Bobrov (16 puntu eta 18ko balorazioa) eta Blagota Sekulic (17 puntu eta 22ko balorazioa) izan dira jokalaririk nabarmenenak.
Fitxa teknikoa:
Tecnyconta Zaragoza 76 (16+19+22+19): McCalebb (9), Santana (8), Okoye (10), Radovic (11), Fran Vazquez (12); Justiz (2), Barreiro (2), Berhanemeskel (8), Seibutis (4), Alocén (8), Pradilla (-) eta Marti (2).
Delteco GBC 73 (17+17+25+14): Jorge Gutierrez (8), Nevels (11), Salvo (7), Bobrov (16), Barro (-); Van Lacke (2), Dani Pérez (9), Oroz (-), Sekulic (17), Burjanadze (-) eta Corbacho (3).
Epaileak: Garcia Gonzalez, Calatrava eta Esperanza Mendoza. Ez dute inor kaleratu.