Gipuzkoa Basket
88-94
Gipuzkoa Basketek salbaziorako aurrerapauso handia eman du, Betisi irabazita
Erredakzioa
Delteco GBCk 88-94 irabazi dio Betisi eta jaitsiera postuetan dauden taldeek baino lau garaipen gehiago ditu sailkapenean.
Delteco Gipuzkoa Basketek garaipen garrantzitsua lortu du Betisen aurka (88-94) Endesa Ligako 18. jardunaldian. Ondorioz, talde gipuzkoarrak salbazioa lortzeko aurrerapauso handia eman du, jaitsiera postuetan dauden Betisek eta Burgosek baino lau garaipen gehiago baititu.
Lehen laurdenaren hasiera oso parekatua izan da, eta bi taldeetako batek ere ez du lortu markagailuan zuloa irekitzea hasierako minutuetan. Laurdenaren azken txanpan, ordea, Gipuzkoa Basketek lortu du neurketa bere alderantz desorekatzea eta sei puntuko abantaila eskuratu du (14-20). Ondorioz, lehen hamar minutuak Delteco GBC taldearen aldeko 17-23ko emaitzarekin bukatu da.
Bigarren laurdenari ondo ekin dio Gipuzkoa Basketek eta 13 punturainoko abantaila izan du (19-32). Partida apurtzeko aukera bikaina izan du talde gipuzkoarrak, baina etxeko taldeak ez du etsi, aldeak murrizten hasi da, eta partida berdintzea lortu du (37-37). Berdinketaren ostean, gora etorri da etxeko taldea eta Betis iritsi da aurretik atsedenaldira (47-45).
Atsedenaldiaren ostean, lehia parekatuta mantendu da. Gorabeherak izan dira markagailuan, baina laurden honetan bi taldeetako batek ere ez du lortu ihes egitea. Betisek izan du abantaila handiena, lau puntukoa (64-60), baina GBCk ez dio utzi zuloa irekitzen. Laurdena estua izan da, eta puntu bateko abantaila lortu du Sevillako taldeak (71-70).
Azken laurdenaren hasieran bost puntuko errenta eskuartu du Betisek (76-71) eta zazpi puntuko abantaila ere izan du (78-71). Une txarrak pasa ditu Gipuzkoa Basketek, baina erreakzionatu egin du, eta neurketa berdindu du (79-79). Berdinketaren ostean, lau puntuko abantaila eskuratu du (81-85) Gipuzkoa Basketek, baina Betisek berriro neurketa berdintzea lortu du (85-85). Azken minutuan erabaki da partida eta txanpa horretan, erabat nagusi izan da GBC; ondorioz, garaipena lortu du, 88-94ko emaitzarekin.
Fitxa teknikoa:
88 - Real Betis Energia Plus (17+30+24+17): Uriz (5), Nelson (22), Schilb (6), Kelly (9), Anosike (8) -hasierako bostekoa-, McGrath (-), Cruz (6), Franch (10), Golubovic (14) eta Alfonso Sanchez (8).
94 - Delteco GBC (23+22+25+24): Chery (24), Van Lacke (5), Salvo (2), Fakuade (5), Norel (4) -hasierako bostekoa-, Clark (25), Swing (10), Dani Perez (14), Pardina (3), Oroz (-) eta Agbelese (2).
Epaileak: Cortes, Calatrava eta Padros.