Gipuzkoa Basket
Endesa Ligarako igoera
Arzallusen iritziz, Gipuzkoa Basketek 'urrezko aukera' du aurrean
Erredakzioa
Donostiar klubeko presidenteak aurreratu duenez, asmoa da Porfi Fisacek entrenatzaile jarraitzea; Endesa Ligan lehiatuko da GBC, igoera baieztatuta.
-
Nekane Arzallus. Argazkia: EFE.
Gipuzkoa Basketeko presidente Nekane Arzallusek esan du "urrezko aukera" dela klubarentzat Endesa Ligarako txartela lortu izana. "Guztien laguntza behar dugu; ezinbestekoa da zaleek laguntzea, bai eta abonatuek eta babesleek ere', adierazi du astearte honetan, prentsaurrekoan. GBC azkenean Endesa Ligara eraman duen ibilbidea azaldu du Arzallusek bertan.
"Bide luzea eta korapilatsua izan da", nabarmendu du Arzallusek, 'baina azkenean beste testuinguru batean amaitu da: Endesa Ligarako sarbidea, orain, baldintza askoz ere hobean gauzatuko da'. Arzallusen hitzetan, GBCk zenbait eskakizun bete behar zituen: zorrik ez izatea jokalariekin; Ogasunarekin eta Gizarte Segurantzarekin egunean egotea; eta ondare-oreka bermatzea. 400.000 euroko abala aurkeztu du klubak: "Eskertzekoa da Banco Sabadellek eskainitako arintasuna, eta, halaber, Foru Aldundiak bere laguntza partzialki aurreratu izana". GBCko presidenteak azpimarratu du 2016-17 denboraldian Aldundiak klubaren diru-sarreren % 35 eman dituela.
Gipuzkoa Basketek Donostia Arenan jokatuko ditu bere partidak, Illunben. Arzallusen esanetan, Donostiako Udala prest azaldu da instalazioak ahalik eta ondoen prestatzen zeregin horretarako.
Klubaren asmoa, Fisacek jarraitzea
Nekane Arzallusek baieztatu duenez, klubaren asmoa da Porfi Fisac izatea datorren denboraldian ere GBCren entrenatzailea, eta hori baieztatutakoan, jokalarien taldea osatzen hasiko direla gaineratu du. Halaber, GBCk "ondorengo hilabeteotan" babesle nagusia izatea espero duela erantsi du.