Itxi

Gipuzkoa Basket

69-67

Denboraldiko laugarren garaipena lortu du GBCk Valentziari irabazita

Erredakzioa

Azken laurdena oso parekatua izan da, baina Jordanen hiruko batek garaipena eman dio Ponsarnauren taldeari.

0:00

Gipuzkoa Basketek denboraldiko laugarren garaipena eskuratu du, Endesa Ligako 13. jardunaldiko neurketan Valentzia Basket mendean hartuta (69-67).

Donostiarrek hasiera ikusgarria egin dute, eta berehala nagusitu dira markagailuan (10-2). Bisitariak suspertu dira, eta bira hurbildu dira (12-10), baina GBCk dena eman du azken minutuetan, David Doblasen lidergopean, eta bederatzi puntuko errenta lortu du lehen laurdenaren amaieran (21-12).

Valentziaren jokoak hobera egin du bigarren laurdenean, eta neurketa parekatu egin da. Atsedenaldira heltzeko bederatzi segundoren faltan, partida berdinduta zegoen (30-30), baina Olaizolaren saskiratze bati esker markagailuan aurretik egin dio aurre GBCk bigarren zatiari (32-30).

Hirugarren laurdenaren hasieran, aurrea hartu du Valentzia Basketek markagailuan estreinakoz (32-35). Van Rossom izan da bultzada horren gakoetako bat, baina 10-0eko partziala egin dute etxekoek eta laurdena 47-46 amaitu da.

Azken hamar minutuak oso parekatuak eta emozio handikoak izan dira. Amaierarako segundo gutxi geratzen zirenean, aurretik ziren bisitariak (66-67), baina Jordanen hiruko batek garaipena eman dio Ponsarnauren taldeari.

David Doblas izan da partidako saskiratzaile nagusia (19) eta berak jaso du ere, Van Rossomekin batera, baloraziorik altuena (22).


  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Gipuzkoa Basket