Gipuzkoa Basket
2. jardunaldia
GBCk porrota jaso du, baina Real Madrili aurre egin dio (76-90)
Erredakzioa
Ponsarnauren taldeak ez ditu besoak jaitsi, baina azkenean zurien kalitatea nagusitu da.
-
Gipuzkoa Basket-Real Madrid. Foto: EFE
Gipuzkoa Basketek ezin izan du Real Madril mendean hartu (76-90), Donostia Arenan jokatutako 2. jardunaldiko norgehiagokan.
Joko ona egin du Jaume Ponsarnauren taldeak lehen laurdenean. Gipuzkoarrek intentsitate handiz ekin diote neurketari, eta Real Madrili ohi baino gehiago kostatu zaio partidan sartzea. Hanley eta Dean izan dira GBCko onenak, eta taldeak alde txikia lortu du markagailuan. Baina zuriak azken minutuetan suspertu dira, eta, 1-14ko partzialari esker, bost puntuko aldearekin amaitu dute lehen laurdena (23-28).
Bigarren laurdenean, abantaila handitu du Pablo Lasoren taldeak, eta atsedenaldian 37-46koa zen markagailua. Hala ere, GBCk lanean jarraitu du, eta ondo, gainera.
Hirugarren laurdenaren hasieran, GBC baino gehiago izan da talde zuria, erritmoan zein jokoan, eta markagailuan joan egin da. Baina Gipuzkoa Basket ez zegoen besoak jaisteko prest, eta esnatu egin da. GBC suspertu bada ere, hamaika puntuko errenta zuen Lasoren taldeak hirugarren laurdenaren amaieran, Sergio Rodriguezek kantxaren erditik sartutako hirukoari esker (58-69).
Azken laurdenean, Gipuzkoa Basket ez da aurkariaren erasoak geldiarazteko gai izan, eta zurien kalitatea nagusitu da azkenean. Sergio Rodriguez izan da partidako saskiratzaile nagusia (19), eta, etxekoen artean, Hanleyk 18 sartu ditu.
Fitxa teknikoa:
Gipuzkoa Basket: Jordan (3), Dean (16), Díez (11), Hanley (18), Doblas (7) --hasierako boskotea--; Iarochevitch (6), Franch (7), Olaizola (4), Grimau (2), Motos (2), Huskic (-).
Real Madril: Llull (16), Carroll (10), Maciulis (8), Ayón (3), Bourousis (2) --hasierako boskotea--; Rodríguez (19), Campazzo (5), Fernández (3), Rivers (11), Reyes (9), Mejri (4).
Partzialak: 23-28, 14-18, 21-23 eta 18-21.