Itxi

Gipuzkoa Basket

Endesa Liga

Merezitako laugarren garaipena lortu du Gipuzkoa Basketek Ligan

L.E. | eitb.com

Sito Alonsoren mutilak 72 eta 84 gailendu dira, Manresako Bruixa d'Or taldearen aurkako partidan.

  • David Doblas, Gipuzkoa Basketeko jokalaria. Efe.

    David Doblas, Gipuzkoa Basketeko jokalaria. Efe.

Gipuzkoa Basketek Endesa Ligako laugarren garaipena lortu du, merezitakoa, eta Ligako aurkari zuzen baten aurrean. Parekotasuna izan da nagusi lehen zatian, baina bigarrenean gipuzkoarrak gehiago izan dira.

Lehen laurden txukuna jokatu dute donostiarrek. Aurretik izan dira markagailuan ia denbora osoan, Javi salgadoren gidaritzapean. 8na egin ondoren, Sito Alonsorenak aurrea hartu dute, baina alde handirik zabaldu gabe. 19-21 izan da lehen 10 minutuen bukaerako emaitza.

Bigarren laurdenean bi taldeak pareko aritu dira eta 23na, 26na eta 28na berdindu dute. Gipuzkoa Basketek, hala ere, defentsa gogortu egin du eta 2-11ko partzialari esker 9 puntu gora jarri da markagailuan (30-39). Atsedenaldirako, kataluniarrek aldea apur bat murritu dute: 34-39.

Hirugarren laurdenean, gipuzkoarren defentsak behera egin du eta etxeko taldeak emaitza irauli du (48-44). Baina donostiarrak fin aritu dira erasoan eta Robinsonek eta Cortaberriak sartutako hirukoei esker, 50-57 alde egin dute azken laurdena hasi aurretik.

Azken txanpan, kataluniarrak ezinean aritu dira eta Gipuzkoa Basketek aldea handitu egin du. Bukaerarako bost minutu falta izan direnean, 12 puntuko abantaila eduki dute, eta horri eutsi diote amaiera arte. Robinsonen hirukoak eman dio azken kolpea Manresari: 72-84.

Fitxa teknikoa:

72 - La Bruixa d'Or Manresa (19+15+16+22): Waters (9), Arco (5), Kouguere (7), Monroe (19), Larsen (2) -hasierako boskotea-, Asselin (2), Eriksson (12), Hernández (4), Giannopoulos (12) eta Creus (-).

84 - Gipuzkoa Basket (21+18+18+27): Salgado (15), Cortaberría (6), Ramsdell (7), Robinson (26), Doblas (6) -hasierako boskotea-, Winchester (2), Olaizola (9), Neto (4), Hanley (9) eta Motos (-).