Itxi

Gipuzkoa Basket

Endesa Liga

Azken minutuko akatsek porrota ekarri diote Gipuzkoa Basketi (76-75)

Erredakzioa

Donostiarrek esku-eskura izan dute ligako laugarren garaipena lortzea, baina azken segundoetan akats nabarmenak egin dituzte eta puntu bakarragatik galdu dute.

2:46

Gipuzkoa Basketek porrot mingarria jaso du Kanarietan; 76 eta 75 galdu dute azken minutuan irabazita izan duten partidan.

Lehen laurdenean ez da alde handirik izan. Bi taldeak parean ibili dira, baina, 13na egin ondoren, kanariarrek 9 puntuz alde egin dute markagailuan. Salgadoren hirukoak bizirik mantendu ditu gipuzkoarrak eta etxeko taldeak aldea handitzea sahiestu du.

Gauzak ez dira aldatu bigarren laurdenean. Inork ez du jokoaren kontrola hartu eta saskiratzeetan ere ez dira fin ibili: huts ugari ikusi dituzte Tenerifeko kantxan bildu diren zaleak. Laurdenaren erdi aldera, Sito Alonsoren mutilek aurrea hartu dute (31 eta 32) eta atsedenaldira bi puntuko aldeaz iristea lortu dute Winchesterrek azken orduan sartutako hirukoari esker.

Hirugarren laurdenean oreka izan da nagusi. Bi taldeek 20 puntu egin dituzte, donostierrak denbora gehiena aurretik eman arren ez dutelako abantaila handirik lortu. 56 eta 58ko markagailuarekin ekin diete azken 10 minutuei.

Gauzak laugarren laurdeneko azken minutuan okertu dira. Gipuzkoarrak 74 eta 75 izan dira aurretik azken minutuan Robinsonek sartutako hirukoari esker. Ondoren bi jaurtiketa libre eta jabetza bat izan dituzte aldea handitzeko, baina guztietan huts egin dute. Ez, ordea, kanariarrek: biko saskiratzea sartu eta 76 eta 75 gailendu dira, donostiarren ezbeharrerako.

Fitxa teknikoa:

76. Iberostar Tenerife (23+13+20+20): Uriz (11), Blanco (8), Rost (8), Sekulic (15), Sikma (9) -hasierako boskotea-, Gutiérrez, Richotti (11), Biviá (8), Heras (6), Fajardo.

75. Gipuzkoa Basket: (21+17+20+17): Neto (13), Cortaberría (3), Robinson (14), Ramsdell (3), Doblas (10) -hasierako boskotea-, Motos, Hanley (11), Salgado (11), Olaizola (2) eta Winchester (8).