Gipuzkoa Basket
33. jardunaldia
Porrot mingarria, azken segundoan (89-90)
Sito Alonsoren mutilek partida bikaina jokatu dute, eta garaipena merezi izan dute, baina Lorbekek azken segundoan sartutako hirukoak garaipena eman dio Xavi Pascualen taldeari.
-
Lagun Aro-Bartzelona. Argazkia: EFE
Pena izan da. Lagun Aro GBCk garaipena eskuratu nahi zuen Illumbeko azken partidan, baina Lorbekek, azken segundoan, sartutako hirukoak garaipena eman dio Regal Bartzelonari (89-90).
Lagun Arok hasieratik egin dio aurre Xavi Pascualek zuzendutako Barçari, eta Netoren eta Doblasen lidergopean joko eta irudi ona eskaini du. Lehen laurdenaren amaieran berdinketa zen nagusi markagailuan (29-29).
GBCk erritmoari eutsi dio bigarrenean ere. Illumbe taldearen jokoarekin gozatzen ari zen, Regal Bartzelona nola gainditzen zuen ikusita. Donostiarrek bederatzi puntuko aldea zuten atsedenaldian (53-44).
Katalanak, Juan Carlos Navarro barik, suspertzen saiatu dira hirugarren laurdenean, baina ez dute lortu, Lagun Aro GBC ez baitzegoen amore emateko prest. Atzean zein aurrean ondo ari zen. Dena den, markagailuan hurbildu da Barça, eta laurdena 70-66ko emaitzarekin bukatu da.
Amaierara heltzeko zazpi minutaren faltan, hamar puntuko aldea zuten donostiarrek (76-66), baina lauren faltan aurrea hartu dute katalanek (77-78). Illumbek animatzen jarraitu du, eta jokalariek lanean jarraitu dute. Amaierarako sei segundoren faltan, 89-87koa zen markagailua eta orduan agertu da Lorbek hiruko marratik sartu eta garaipena bere taldeari emateko.
Brad Oleson izan da partidako saskiratzaile onena, 26 puntu eginda, eta GBCn 25 egin ditu Netok eta 20 Doblasek. Netok berak balorazioko 31 puntu eskuratu ditu, neurketako onena.
Lagun Arok maila galdu du dagoeneko, baina gaur erakutsitako jokoa erakutsita, laster itzuliko da onenen artera.