Itxi

Gipuzkoa Basket

93-65

Lagun Arok porrota jaso eta miraria behar du mailari eusteko

Erredakzioa

Valentziak 93-65 irabazi dio Gipuzkoa Basketi, eta talde donostiarra Endesa Ligan jarraitzeko ia aukerarik gabe geratu da.

1:08
Valentzia-Lagun Aro GBC

Lagun Arok 93-65 galdu du Valentziaren aurka Fontetan, eta mailari eusteko ia aukerarik gabe geratu da talde gipuzkoarra. Salbazioa hiru garaipenera du Gipuzkoa Basketek, eta lau jardunaldi besterik ez dira geratzen Endesa Ligako fase erregularra bukatzeko.

Sito Alonsok zuzentzen duen taldeak ez dio ondo ekin partidari (4-0), baina azkar esnatu dira eta partida parekatzea lortu dute (8-8 eta 11-11). Ondoren, Valentzia nagusi izan da, eta zazpi puntuko abantaila lortu du lehen laurdenaren amaieran (25-18).

Bigarren laurdenari, ordea, bikain ekin dio Gipuzkoa Basketek. 0-7ko partzialarekin partida berdintzea lortu du Lagun Arok (25-25), eta laurdena nahiko parekatua izan da. Atsedenaldira iristean, etxeko taldea izan da nagusi 44-39ko emaitzarekin.

Hirugarren laurdenean utzi du garaipena bideratuta Valentziak. Lagun Aro ezinean ibili da, eta aurkaria nagusi izan da jokoaren arlo guztietan. Sei puntu besterik ez ditu sartu Lagun Arok hirugarren laurdenean, eta Valentziak 24 puntuko abantaila eskuratu du (70-46).

Azken laurdenean ezer gutxi egin ahal izan du Lagun Arok. Valentziak eroso jokatu du, eta etxeko taldeari ez dio garaipenak ihes egin (93-65). Porrot honekin Endesa Ligan jarraitzeko ia aukerarik gabe geratzen da Lagun Aro GBC.

Fitxa teknikoa:

93 - Valentzia (25+19+26+23): Markovic (10), Rafa Martínez (9), Kelati (14), Doellman (16), Dubljevic (22) -hasierako bostekoa- Ribas (2), Hanley (2), Robinson (5), Hrycaniuk (4), San Miguel (9) eta Abia (-).

65 - Lagun Aro GBC (18+21+7+19): Neto (8), Papamakarios (7) , Paunic (12), Diez (2) Doblas (9) -hasierako bostekoa- Woods (9), Rubio (-), Finley (2), Salgado (6), Ibeweke (10), Motos (-) eta Olaizola (-).

Epaileak: Arteaga, Araña eta Oyon.