Gipuzkoa Basket
67-73
Lagun Arok porrot egin du berriro
Erredakzioa
Gipuzkoa Basketek ezin izan du Joventut gainditu Illunben. Azken garaipenaren ostean talde donostiarrak erreakzioa baieztatu nahi zuen, baina garaipenak azken laurdenean ihes egin dio (67-73).
Lagun Arok ez du bururik altxatzen, eta Endesa Ligako sailkapeneko azken-aurreko postuan jarraitzen du. Ostiral honetan, 67-73 galdu du talde gipuzkoarrak Fiatc Joventuten aurka.
Partida lehiatua eta parekatua izan zen hasieratik amaieraraino. Ondo ekin zioten partidari Sito Alonsok zuzentzen dituen mutilek, baina Joventut ez zegoen erraztasunak emateko prest, eta gipuzkoarrek hasieran jarri zuten erritmoari eutsi zioten. Lehen hamar minutuak Lagun Aroren aldeko 16-15eko emaitzarekin bukatu ziren.
Bigarren laurdeneko gidoia lehen laurdenekoaren antzekoa izan zen. Parekotasuna nagusi izan zen Illunbeko kantxan, baina atsedenaldira iristean markagailua talde katalanaren aldekoa izan zen. Joventuten aldeko puntu bateko aldearekin iritsi zen norgehiagoka atsedenaldira (38-39).
Hirugarren laurdena estu joan zen. Bi taldeetako bateke ere ez zuen markagailuan alde egitea lortzen. Talde batek saskiratzen zuen bakoitzean, bestearen erantzuna etortzen zen, eta hirugarren laurdena Joventuten bi puntuko aldearekin bukatu zen (50-52).
Azken laurdenean erabaki zen partida. Lehia estua mantentzen ari ziren Lagun Aro eta Fiatc Joventut. Kataluniako taldeak hiru puntuko abantaila hartu zuen azken txanpan, baina Lagun Arok puntu bakarrera jartzeko aukera izan zuen Paunicek jaurti beharreko bi jaurtiketa libreei esker. Paunicek, ordea, bi jaurtiketa libreak huts egin zituen, eta hurrengo jokaldian Albert Oliverrek hirukoa sartuta, sei puntuko aldea eman zion Joventuti. Lagun aro ez zen sei puntuko errenta hori murrizteko gai izan, eta 67-73ko emaitzarekin galdu zuen.
Fitxa teknikoa:
67.-Lagun Aro GBC: Neto (14), Papamakarios (8), Dani Díez (6), Woods (13), Doblas (5)-hasierako bostekoa- Salgado (11), Paunic (7), Ibekwe (1), Rubio, Finley (2), Olaizola.
73.- Fiatc Joventut: Fisher (5), Ventura, Gaffney (8), Ehambe(6), Kuzmic (12)-hasierako bostekoa- Oliver (9), Quezada, (11), Trias, Llovet (4), Savane (12), Pere Tomas (6).
Epaileak: Redondo, Cortes, Martinez.
Markagailua laurden bakoitzeko: 16-15; 38-39-atsedenaldia- 50-52; 67-73.