Itxi

Bilbao Basket

Eurokopa

Bilbao Basketek multzoko lehen postua ziurtatu du

Erredakzioa

Katsikarisen mutilek garaipen garrantzitsua lortu dute Buducnosten aurka (66-68). Talde beltzak asko sufritu du, baina Lamont Hamiltonek 2+1eko ikusgarri batekin erabaki du neurketa.

  • Bilbao Basket. Argazkia: EFE

    Bilbao Basket. Argazkia: EFE

Montenegroko taldeak ondo hasi du partida erasoan, baina Mumbruk ederki gidatu du Bilbao Basket, eta Fotis Katsikarisen mutilek 10-10ekoa jarri dute. Rakovicek markagailuan goitik jarri du Bilboko taldea (18-19), eta aurreneko laurdena 23-24koarekin bukatu da.

Bigarren laurdenean, Bilbao Basketek erasoan gehiago sakatu du, eta Buducnostek ezin izan du erritmoa jarraitu (27-33). Bizkaiko taldea jaun eta jabe izan da kantxan, baina Montenegroko kluba markagailuan gertu mantendu da (32-37). Etxeko taldeak ondo defendatu du, eta 39-39koa jarri du. Hala ere, Mumbruk eta Zisisek saskiratze garrantzitsuak gauzatu dituzte, eta atsedenaldian, 39-43 markagailuan goitik izan da talde beltza.

Buducnost bigarren zatian indartsu kantxaratu da, eta Bostek markagailua irauli du, hiruko ikusgarri batekin (48-46). Bi taldeek akast gehiegi egin dituzte erasoan, eta saskiratze erraz asko huts egin dituzte. Hala ere, Montenegroko taldeak errebotea ondo kontrolatu du, eta hirugarren laurdena 57-52koarekin bukatu da.

Azkenengo laurdenean Fotis Katsikarisen mutilek puntuak lortzeko asko sufritu dute (61-56), eta Hamiltonek eta Mumbruk erasoan pisu guztia hartu behar izan dute. Zisisek partida berdindu egin du (64-64) saskiratze ikusgarri batekin, eta Grimauk 64-65ekoa lortu du. Milosevicek jaurtiketa libreak sartu ditu (66-65), baina amaieratik bost segundora Hamiltonek 2+1eko garrantzitsua lortu du (66-68).

- Fitxa teknikoa:

66 - Buducnost KK (23+16+18+9): Ivanovic (11), Aleksa Popovic (6), Vitkovac (15), Strahinja Milosevic (5) eta Lee (6) -hasierako bostekoa-; Bost (4), Mihailovic (-), Ivanov (5), Milan Milosevic (-), Marko Popovic (-) eta Bunic (14).

68 - Bilbao Basket (24+19+9+16): Zisis (14), Pilepic (-), Mumbru (12), Hervelle (9) eta Hamilton (14) -hasierako bostekoa-; Raul Lopez (3), Grimau (3), Moerman (5) eta Rakovic (8).