Itxi

Bilbao Basket

FIBA EUROPA KOPAKO FINALA

Bilbao Basket, FIBA Europa Kopako txapeldun!

A. A. | EITB MEDIA

Jaume Ponsarnauk zuzentzen duen taldeak neurketa bikaina jokatu du, eta, PAOK Salonikaren etxean galdu arren (84-82), bere historiako lehen titulua bereganatu du, joaneko neurketan lortutako zazpi puntuko errentari esker.

2:59

Bilbao Basketek FIBA Europe Cup txapelketa irabazi du asteazken honetan; izan ere, PAOK Salonikaren aurkako finaleko itzuliko neurketa bi puntuko aldearekin galdu du soilik (84-82), eta hori nahikoa izan du joan zen astetik zekarren zazpi puntuko altxorra (72-65) baliatu eta bere historiako lehen titulua bereganatzeko.

Partida aurreikusitako ordua baino 10 minutu beranduago hasi da, epe hori behar izan baitute langileek etxeko zaleek partida hasi berritan kantxara jaurtitako komuneko paper guztia kentzeko. Hori gorabehera, Bilbao Basketek ederto ekin dio finalaren itzuliko partidari, 0 eta 5 jarri baita irabazten Harald Freyk sartutako hiruko batekin eta Marvin Jonesek baliatutako bi jaurtiketa librerekin. Etxekoek, ordea, azkar erantzun dute (8-7), zaleen hauspo izugarriak bultzatuta. Tarte horretan, epaileak oso zorrotz aritu dira, eta beltzezko gizonek berehala izan dituzte arazoak, falta asko egin baitituzte.

Hala ere, Bilboko taldeak sendo jarraitu du lanean, nortasun handiarekin eta jokalari guztien ekarpenarekin, eta une oro markagailuari estu eusteko gai izan dira; hartara, lehen hamar minutuak amaitutakoan oreka izan da nagusi (24-24).

Lehen 10 minutuetan ondo-ondo aritu dira beltzezko gizonak, eta bigarren laurdena are hobeto joan zaie, 1 eta 9ko partziala lortu baitute (25-33), batez ere Tomasz Gieloren jardun ikusgarriarekin (8 puntu, hutsik egin gabe). Aldea bederatzikoa izatera iritsi da gerora (29-38 eta 34-43), baita hamaikakoa ere (34-45), erasoan erakutsitako eraginkortasun handia zela eta, besteak beste, hiruko marratik botatakoak ikusgarriak izan dira (7 hiruko sartu dituzte lehen zatian, 12 jaurtiketa eginda). Azkenerako, atsedenaldira hamar puntuko errenta bikaina zutela heldu dira Ponsarnauren gizonak (39-49).

Espero zitekeen legez, bigarren zatiari suspertuta heldu dio Greziako taldeak, eta jaurtiketa libreei esker murriztu dute markagailua lehen minutuetan (44-49); izan ere, posarnautarrek falta ugari egin dituzte (bonusean sartu dira berriro, hirugarren laurdeneko laugarren minutura iritsi orduko). Orduan, Melwin Pantzar beltzezko gizonen joko-antolatzaileak bere gain hartu du taldea, eta 5 punturekin lasaitasun apur bat ekarri die. Aitzitik, ez du asko iraun, etxekoak ikaragarri suspertu baitira, eta, egiten zuten presio handia zela eta, aurretik jartzeko gai izan dira (55-54 eta 60-59). Rahkmanen bi jaurtiketa librek agintea eman diote berriro Bilbao Basketi (59-61), baina Jacob Grandison estatubatuarraren hiruko batek zoramena eztandarazi du Palatakiko harmailetan (63-61), azken hamar minutuen faltan.

Bilbao Basketi iskin egin dio saskiak, ez baitzuten punturik erraz eskuratzen, eta horren ondorioz bigarren zati gatza izan dute; Greziako taldea, ostera, puntuak elkarren segidan egiten ibili da. Horrenbestez, kanporaketa orekatu du PAOKek lehiaren amaieran, 4:38ren faltan (74-67). Gerora, gauzak are gehiago okertu dira, Katsivelisen hiruko batek (77-67) kanporaketan hiru puntu aurretik jarri baititu etxekoak. Dena kontra zegoela zirudienean, Pantzar (partidako jokalari onenan izendatu dute) eta Frey agertu dira berriro, eta jaurtiketa libreei eta hirukoei esker aldea murriztu dute (79-74 eta 81-77).

Azken txanpan guztiz erabakigarriak izan dira jaurtiketa libreak; izan ere, Bilbao Basketeko hainbat jokalarik egin behar izan diote aurre zeregin horri, eta lehia amaitzeko 43 segundoren faltan Marvin Jonesek botatako bi-biak huts egin baditu ere, gehienak saski barruan amaitu dute (30etik 24, % 80ko eraginkortasuna partidan zehar), eta horrek eman dio Bilboko taldeari behar zuen azken bultzada txapelketa bereganatzeko.

Fitxa teknikoa

84 - PAOK Salonika (24+15+24+21): Reynolds (12), Bartley (17), Henderson Jr (8), Kreuser (12) y Upson (5) -hasierako bostekoa-; Katsivelis (9), Forrester (5), Grandison (13) eta Papadakis (3).

82 - Surne Bilbao Basket (24+25+12+21): Frey (17), Abdur-Rahkman (10), Zoran Dragic (6), Gielo (8) y Marvin Jones (6) -hasierako bostekoa-; Pantzar (17), Ruben Dominguez (3), Rabaseda, De Ridder (8), Hlinason (7), Sylla eta Bagayoko.

Epaileak: Yohan Rosso (Frantzia). Vojciech Liszka (Polonia) eta Gvidas Gedvilas (Polonia). Faltak egiteagatik kanporatu dituzte: Abdur-Rahkman (37. minutua), Henderson (39. minutua) eta Upson (40. minutua).

Gorabeherak: PAOK Sports Arenan jokatutako FIBA Europa Kopako finaleko itzulerako partida, 9.000 ikusleren aurrean, tartean Surne Bilbaoren 150 jarraitzaile.