Itxi

Bilbao Basket

Gescrap-Lukoil (82-60)

Garaipen erosoa eta Last 16rako sailkapena poltsikoan

Erredakzioa

Lukoil Academicen erresistentziak bi laurdeneko iraupena izan du; izan ere, atsedenaldiaren ostean Bulgariako taldea desagertu egin da eta bilbotarrak nagusi izan dira.

00:50
Gescrapek Last 16rako sailkapena lortu du

Fitxa teknikoa:

82.- Gescrap Bizkaia (17+23+24+18): Zisis (5), Vasileiadis (20), Mumbru (5), Hervelle (6), Hamilton (2) -hasierako bostekoa- Raul Lopez (5), Grimau (13), Moerman (7), Rakovic (10), Pilepic (8), Samb (1) eta Sergio Sanchez (-).

60.- Lukoil Academic (23+9+18+13): Heath (18), Green (13), Watkins (12), Abukar (16), Marinov (1) -hasierako bostekoa- Kolev (-), Massamba (-), Stoykov (-), Veselinov (-) eta Banev (-).

Partzialak: 17-20, 40-29 (atsedenaldia), 64-47 eta 82-60.

Gescrap Bizkaiak Lukoil Academic aise hartu du mendean (82-60), Miribillan. Horrela, talde bizkaitarrak Last 16rako sailkapena lortu du Eurocupen. Orain Buducnosten kontra multzoko lehen postua borrokatuko dute bilbotarrek.

Partida ez da ondo hasi bilbotarrentzat; izan ere, aurreneko lau saskiratze saiakeretan ez dute asmatu. Horrela, Lukoilek 0-4 aurrea hartu du markagailuan, baina Vasileiadis eta Hervelle azaldu dira neurketa berdintzeko.

Hala ere, Bulgariako taldeak markagailuan agindu du lehen laurdena amaitu arte. Heath antolatzaileak kanpoko taldea ederki gidatu du. Vasileiadisek gauza bera egin du etxeko taldean eta partida ez haustea ekarri du horrek (17-20).

Bigarren laurdenean Moerman eta Raul Lopez kantxaratu dira lesioak gainditu ostean, eta beltzezko gizonak indartsu hasi dira 8-0eko partzial batekin. Horrela, Lukoilen entrenatzaileak hutsartea eskatu behar izan du.

Hutsarteak ez du helburua lortu; izan ere, bizkaitarrek ekinean jarraitu dute eta Bulgariako taldeak ezin izan du etxekoen jokoa geldiarazi (40-29). Gescrap lehen laurdenean baino hobeto moldatu da.

Atsedenaldiaren ostean norgehiakokak norabide beretik jarraitu du, baina azken bost minutuetan Lukoilek 0-7ko partziala sartu dio Gescrapi. Fotis Katsikarisek bulgariarren susperraldia hutsarte batekin eten du, bilbotarren erasoa berrantolatuz.

Horrela, Sofiako neurketan jokatutako azken laurdena errepikatu da Bilbon. Gescrapek garaipena eta sailkapena baieztatu ditu laugarren partzialean.