Bilbao Basket
FIBA Europa Kopa
Bilbao Basketek Dijon kanporatu du, ikusgarria izan den azken laurdenean, eta finalerako sailkatu da (97-68)
EITB MEDIA
Azken zatiaren hasieran, euskal taldea berdinduta zegoen, 56-56, Frantziako taldearekin, baina hurrengo minutuetan Jaume Ponsarnauren gizonek 41-12ko partzial ederra lortu dute, eta final handia jokatuko dute, hilaren 16an eta 23an, PAOK Salonika aurkari.
-
Bilbao Basketeko jokalariak eta zaleak, elkarrekin, partida amaituta. Argazkia: EFE.
Surne Bilbao Basket 2024-25 denboraldiko FIBA Europa Kopako final handirako sailkatu da, asteazken gauean, txapelketako finalerdietan JDA Dijon kanporatuta. Bilboko taldeak, finalaurrekoaren itzuliko partidan, Miribillan, Dijon menderatu du, 97-68, 29 puntuz; Frantziako taldeak, joanekoan, 19 puntuko aldea erdietsi zuen, eta, hortaz, Bilbao Basket izango da lehiaketako finalean, apirilaren 16an eta 23an. Aurkaria PAOK Salonika izango da, joaneko partida Bilbon jokatuko dute, eta itzulikoa Grezian.
Iraultzea lortzea posible zelakoan, Bilbao Basketeko jokalariek bizi-bizi ekin diote partidari, eta neurketako lehenengo zazpi puntuak sartu dituzte; 7-0ekoarekin, Miribilla pil-pilean zegoen. Lehen laurdenean, euskal taldeak bikain jokatu du; asmoa zen hasieratik aldea lortzea, eta erdietsi egin du hori, hainbat jokaldi ikusgarrik lagunduta, gainera. Lehenengo hamar minutuak amaituta, Bilbao Basket zortzi puntuz ari zen gailentzen, eta bigarren laurdeneko hasieran, 22-12koan, 24-14koan eta 26-16koan, hamar puntuko aldea ere izan du, alegia, helburuaren erdia.
Dijon, bigarren laurdenean, lasaitu egin da, hobeto ibili da jaurtiketan, eta Bilbao Basketen abantaila murriztu du. Burgundiako taldea bi puntura ere gerturatu da, 32-30ekoan, eta, azkenean, atsedenaldian Bilbao Basket bost puntuz ari zen nagusitzen, 35-30. Thijs de Ridderrek zortzi puntu egin ditu lehen zatian, eta saskiratzailerik onena zen, Bilboko taldean, oraindik neurketaren erdia gelditzen zela.
Hirugarren laurdenean oreka izan da; hori amaituta, Bilbao Basket lau puntuz ari zen gailentzen, 56-52. Gakoa izan zitekeen une bat izan da: bi saskiratze jarraian sartuta, Ponsarnauren gizonek, berriro ere, bederatziko aldea jarri dute, 54-45, baina ezin izan dute hori gehiago handitu, eta Dijonek, zazpi puntu azkar eginda, berriz lortu du bi puntura hurbiltzea. Bilbao Basketek ezin izan du baliatu aukera hori, Frantziako taldea argi uzteko atzean.
Hala ere, hautsi egin du, bai, norgehiagoka, arestian esan bezala, neurketako azken bost minutuetan; horiek ahaztezinak izan dira, zirraragarriak, benetan ikusgarriak. Zaleek bultzatuta, Bilbao Basketek sinestezina zirudiena lortu du, hau da, Dijon erabat txikitzea; Frantziako taldeak ezin izan du erantzunik eman, Bilbao Basketen aurrean. Festak eztanda egin du, Miribillan, Bilbao Basketen historian betiko geldituko den partida bukatuta.
Fitxa teknikoa
97 - Surne Bilbao Basket (20+15+21+41): Frey (3), Abdur-Rahkman (19), Dragic (19), Gielo (4) eta Sylla (6) -hasierako bostekoa-; Pantzar (5), Ruben Dominguez (5), Cazalon (12), De Ridder (16) eta Bagayoko (8).
68 - JDA Dijon (12+18+22+16): Julien (5), Ducote (2), Hrovat (10), McDuffie (18) eta Sengfelder (4) -hasierako bostekoa-; Booth (11), Kamardine (4), Dokossi (2) eta Ware (12).
Epaileak: Julio Anaya (Panama), Gintaras Maciulis (Lituania) eta Mihkel Manniste (Estonia).
Nabarmentzekoa: 6.192 zale izan dira Miribillan, eta bultzada handia eman diote taldeari, finalerako sailkatzeko.