Itxi

Bilbao Basket

Endesa Liga

Gescrap Bizkaiak sendo jarraitzen du, ligan ere

Erredakzioa

Fotis Katsikarisen mutilek bolada onarekin jarraitzen dute Fuenlabrada 83-86 gainditu ondoren. Mumbruk eta Vasileiadisek garaipenera ederki gidatu dute Bilboko taldea.

01:18
Bilbao Basketek garaipen garrantzitsua lortu du Fuenlabradan

Gescrap Bizkaiak Endesa Ligan bolada bikainarekin jarraitzen du, Mad-Croc Fuenlabrada gainditu ostean. Bizkaiko taldeak azkenengo laurdenean markagailua irauli du Vasileiadisen eta Mumbruren saskiratzeei esker, eta garaipen garrantzitsua lortu du Endesa Ligako kantxarik zailenetarikoan.

Norgehiagoka erritmo biziarekin hasi da Fernando Martineko kantxan, eta Fotis Katsikarisen mutilek kontraerasoekin markagailuan aldea handitu dute (13-20). Mad-Croc Fuenlabradak ezin izan du Bilbao Basketen erritmo bizia jarraitu, eta aurreneko laurdena 18-25ekoarekin bukatu da.

Bigarren laurdenean Trifon Pochen mutilek erasoan gogor sakatu dute, eta 12-1eko partzial ikusgarria lortu dute (30-26). Hala ere Zisisek eta Grimauk ederki gidatu dute taldea, eta Gescrap Bizkaiak erantzuna eman du. Bi taldeek akats gehiegi egin dituzte defentsan, eta 42-42koarekin bukatu da lehenengo zatia.

Bilbao Basketek partidaren kontrola berreskuratu du atsedenaldiaren ostean (44-48), baina Madrilgo taldea erasoan bikain aritu da, eta Trifon Pochen mutilek markagailua irauli dute (53-48). Fuenlabradak errebotea ondo babestu du, eta hirugarren laurdena 63-58koarekin bukatu da.

Azkeneko laurdenean Bilboko taldeak erasoan biziago jokatu du berriro, baina Mad-Croc Fuenlabradak hiruko garrantzitsuak lortu ditu (69-67). Mumbruk eta Vasileiadisek Gescrap Bizkaiaren agintea hartu dute, eta Fotis Katsikarisen taldeak markagailua irauli du, bukaerarako bi minutura. Jaurtiketa libreetan Bilbao Basketeko jokalariek ez dute hutsik egin, eta Fernando Martineko kantxan garaipena lortu dute (83-86).

Fitxa teknikoa:

83. - Mad-Croc Fuenlabrada (18+24+21+20): Colom (12), Feldeine (19), Vega (5), Mainoldi (16) eta Sene (8) -hasierako bostekoa- Gladyr (11), Garcia (6), Sanchez (3) eta Muñoz (3).

86. - Gescrap Bizkaia Bilbao (25+17+16+28): Zisis (11), Hamilton (9), Mumbru (17), Hervelle (6) eta Vasileiadis (28) -hasierako bostekoa- Rakovic (2), Pilepic (-), Samb (-) eta Grimau (13).