Bilbao Basket
FIBA Europa Kopa
Abdur-Rahkmanen hiruko saskiratze batek FIBA Europa Kopako finalerdietan jarri du Bilbao Basket (102-93)
EITB MEDIA
Bazirudien euskal taldeak eta Tofas Bursak final laurdenetan jokatuko duten kanporaketa itzuliko partidako luzapenean erabakiko zela; hala ere, Muhammad-Ali Abdur-Rahkmanek sartutako hiruko ikusgarri batek sailkatzea eman dio Bilbao Basketi.
-
Muhammad-Ali Abdur-Rahkman, taldekideen erdian, sailkatzea eskuratuta. Argazkia: EITB Media.
Surne Bilbao Basket 2024-25 denboraldiko FIBA Europa Kopako finalerdietarako sailkatu da, txapelketako final laurdenetan Tofas Bursa kanporatuta, asteazkenean, Turkiako Bursa hirian, Tofas Spor Salonu pabiloian. Euskal taldeak bederatzi puntuz galdu du final laurdenetako kanporaketako itzuliko partida, 102-93, baina lortu egin du sailkatzea, joaneko neurketan, Miribillan, Bilbon, joan den astean hamabi puntuz nagusitu baitzen, 84-72; hala, kanporaketako azken emaitza 177-174koa izan da, Bilbao Basketen alde. Muhammad-Ali Abdur-Rahkmanek, Turkiako partidako azken jokaldian, azken segundoan, sartutako hiruko saskiratze ikusgarri batek eraman du finalaurrekoetara Bizkaiko taldea; aurkaria Frantziako Ligako Dijon izango da.
Bursan jokatutako partidako lehenengo zatian, bi taldeak aritu dira sendoago erasoan defentsan baino. Bilbao Basketentzat, kaltegarria izan da neurketak hartu duen joera hori. Tofas Bursa, zaleek oso ondo bultzatuta, ia hasieratik izan du erraztasuna saskiratzeak lortzeko; Ponsarnauren gizonek erantzuteko gaitasuna izan dutenen bitartean, partida parekatua eta polita joan da, baina arazoa iritsi da bigarren laurdenean, euskal taldea hasi baita Turkiakoa baino gutxiagotan asmatzen. Atsedenaldirako 6:48 gelditzen zela, Tofas Bursak aurrenekoz berdindu du kanporaketa; bi taldeak aldageletara joan aurretik izandako azken jokaldian, Harald Freyk hiruko saskiratze bikaina sartu du, eta emaitza, une horretan, 53-46koa zen. Inpresioa, hori da, ez zen ona, lehen 20 minutuak amaituta.
Egia esan, egoerak ez du hobera egin, hirugarren laurdenean; izan ere, indar handiz kantxaratuta, Tofas Bursak 16 punturainoko aldea jarri du, 65-49koan. Bilbao Basketek, apur bat izan bada ere, nolabait egonkortu egin du bere jokoa, eta Turkiako taldearen abantaila Bilbao Basketek Bilbon lortutako hamabi puntuen bueltan zebilen. Azken hamar minutuak gelditzen zirela, Tofas Bursa 80-66 ari zen gailentzen, eta aurretik zebilen kanporaketan; hori bai, ezer ez zegoen erabakita.
Emozio handia izan da azken laurdenean. Etxeko taldea 19 puntuz ere izan da goitik, 85-66koan, baina Bilbao Basket suspertu egin da, eta zazpi puntura kokatu da, norgehiagokako une erabakigarriak gelditzen zirela. Tofas Bursak, hiruko bat sartuta, berdindu egin du kanporaketa, 102-90ekoan, baina orduan Abdur-Rahkmanek hartu du ardura bere gain, eta oso urrutitik, azken segundoan, bere taldea finalaurrekoetara eraman duen hiruko ederra gauzatu du.
Fitxa teknikoa
102 - Tofas Bursa (25+21+20+27): Alex Perez Kauffman (18), Marcquise Reed (21), Gecim (6), Saybir (10) eta Pasecnicks (9) -hasierako bostekoa-; Trifunovic (13), O'Brien (6), Kristeon Bankston (14), Gauzin (2) eta Berk Demir (3).
93 - Surne Bilbao Basket (30+23+27+22): Frey (8), Abdur-Rahkman (24), Zoran Dragic (2), De Ridder (12) eta Hlinason (12) -hasierako bostekoa-; Pantzar (5), Cazalon (10), Domínguez (3), Jones (17), Sylla eta Rabaseda.
Partzialak: 30-25, 53-46 (atsedenaldia); 80-66 eta 102-93 (azken emaitza).
Epaileak: Boris Krejic (Eslovenia), Dariusz Zapolski (Polonia) eta Zdnko Tomasovic (Eslovakia).
Nabarmentzekoa: giro polita, Tofas Spor Salonun.