Itxi

Bilbao Basket

Garaipena, luzapenean

Bilbao Basket garaiz suspertu da, Buducnosten aurka (85-78)

Erredakzioa

Hasieratik markagailuan azpitik joan eta gero, luzapenera joate lortu du Katsikarisen taldeak eta Eurocupeko lehen garaipena eskuratu du partida irabazita.

01:14
Bilbao Basketek garaipen ikusgarria lortu du Buducnosten aurka

Bilbao Basketek aurreneko garaipena eskuratu du 2012-2013 Eurocupean Buducnost taldea, etxean, mendean hartuta (85-78). Modu ikusgarrian markagailuari buelta eman dio Gescrapek.

Indartsu hasi du partida Montenegroko taldeak, eta Bilbao Basket ezustekoan hartu du (12-22, lehen laurdenean). Inor gutxik espero zezakeen halakorik, Bilbao Basket makal aritu baita atzean zein aurrean. Atsedenaldian, 31-40.

Eta egoera gutxi aldatu da bigarren zatian. Gescrap markagailuan hurbiltzen saiatu da, baina Buducnostek zailtasun ugari jarri dizkio etxeko taldeari.

Hala ere, amaierara heltzeko 43 segundoren faltan, neurketa berdindu du Mumbruk (64-64), eta "Miribilla efektuak" luzapena behartu du.

Partida osoan zehar markagailuan behetik joan eta gero, luzapenean nagusitu dira bilbotarrak. Hamilton, 20 puntu eta balorazioko 28rekin, izan da partidako onena. Vasileiadis eta Hervelle ere erabakigarri izan dira.

- Fitxa teknikoa:

85 - Gescrap Bizkaia (12+19+12+28+14): Zisis (14), Vasileiadis (17), Mumbru (13), Hervelle (11) eta Hamilton (20) -hasierako bostekoa-; Raul Lopez (5), Grimau (2), Rakovic (2), Pilepic (-) eta Samb (1).

78 - Buducnost KK (22+18+16+15+7): Bost (3), Aleksa Popovic (9), Vitkovac (8), Marko Popovic (11) eta Lee (17) -hasierako bostekoa-; Mihailovic (3), Ivanovic (12), Milan Milosevic (3), Strahinja Milosevic (10) eta Bunic (2).