Itxi

Bilbao Basket

86-85

Bilbao Basketek hirugarren garaipena lortu du Estudiantesi irabazita

Erredakzioa

Gescrapek oso ondo jokatu ditu parrtidako azken bi laurdenak, eta talde madrildarra gainditzea lortu du. 86-85eko emaitzarekin nagusitu da talde bizkaitarra, eta garaipena, landua izan da.

  • Argazkia: EFE

    Bilbao Basketek 86-85 irabazi dio Asefa Estudiantesi. Argazkia: EFE

Gescrap Bizkaia Bilbao Basketek landutako garaipena lortu du Miribillan. Asefa Estudiantesi 86-85eko emaitzarekin irabazi dio talde bizkaitarrak.

Estudiantesek ondo ekin dio partidari, baina madrildarren hasierako saskiratzeei azkar erantzun die Bilbao Basketek. 3-6 galtzen joan da etxeko taldea, eta 16-10 aurreratu da zazpigarren minuturako. Gauzak ondo zihoazen, baina Estudiantesen erreakzioa itzela izan da. Talde madrildarrak 0-12ko partziala sartu dio Gescrapi, eta sei puntuko aldea hartu du (16-22). Laurdenaren azken txanpan Gescrap Bizkaiaren erantzuna etorri, eta lehen hamar minutuak Estudiantesen aldeko 20-22ko emaitzarekin bukatu dira.

Bigarren laurdenaren hasieran 29na berdintzea lortu du Bilbao Basketek. Berdinketa lortuta, ordea, Estudiantesek erasora jo du, eta abantaila hartzen hasi da. Talde madrildarrak hamar puntuko aldea hartu du (31-41 eta 33-43), baina atsedenaldira iritsi orduko, aldeak murriztu zituen (41-49).

Atsedenalditik itzultzerakoan partida estutu egin da. Gescrap Bizkaia pixkanaka aldeak murrizten hasi da. Defentsa sendotu du Katsikarisek zuzentzen duen taldeak, eta erasoan gehiago asmatu du. Ondorioz, hirugarren laurdena puntu bateko aldearekin bukatzea lortu du talde bizkaitarrak (62-61).

Azken laurdena oso parekatua izan da. Bi taldeak markagailuan alde egiten saiatu dira, baina ezin izan dute lortu. Azken minutura, 81-81eko emaitzarekin iritsi da norgehiagoka. Azken segundoak ondo jokatu ditu Gescrap Bizkaiak, eta 86-81 segundo gutxi falta zirenean. Englishek markagailua estutu du azken segundoan (86-85), baina 0,6 segundo bakarrik geratzen ziren amaierarako. Azkenean, garaipenak ez du miribillatik ihes egin.

Fitxa teknikoa:

86 - Gescrap Bizkaia (20+21+21+24): Zisis (2), Vasileiadis (15), Mumbrú (10), Hervelle (8) eta Hamilton (21) - hasierako bostekoa- Raul Lopez (7), Pilepic (9), Grimau (5), Rakovic (9) eta Moerman (-).

85 - Asefa Estudiantes (22+27+12+24): Granger (14), English (16), Kirksay (16), Gabriel (21) eta Barnes (9)- hasierako bostekoa- Jaime Fernandez (3), Fisher (-), Kuric (4) eta Nogueira (2).

Epaileak. Pérez Pizarro, Guirao y Munar.
Partzialak: 20-22, 41-49 (atsedenaldia); 62-61 eta 86-85 (amaiera).