Itxi

Bilbao Basket

FIBA Europe Cup

Bilbao Basketek zazpi puntuz galdu du Choleten, 82-75, eta zailago jarri zaio multzoko lider amaitzea

EITB MEDIA

Bilboko taldeak estreinakoz galdu du txapelketan, azken laurdenean erabaki den norgehiagokan. Cholet zazpi puntuz gailendu da, eta, hala, bi taldeen arteko "basketaveragea" berdintuta dago, baina Frantziako taldea, puntuen arteko alde orokorrean, hobeto dabil.

  • Bilbao Basketek galdu egin du Choleten, 82-75. Argazkia: EITB Media.

    Bilbao Basketek galdu egin du Choleten, 82-75. Argazkia: EITB Media.

Surne Bilbao Basketek zazpi puntuz galdu du, 82-75, Choleten aurka, 2024-25 denboraldiko FIBA Europe Cupeko bigarren faseko bosgarren jardunaldian, La Meilleraie pabiloian, Choleten, Frantzian, L multzoan, asteazken gauean. Hortaz, kontuan izanik bi taldeek abenduan Miribillan jokatutako partidan Bilbao Basketek zazpi puntuko aldea lortu zuela (95-88), Cholet, lau garaipen lortuta, multzoko lider dabil; Bilboko taldeak ere irabazi ditu lau neurketa, baina, puntuen arteko alde orokorrean, Cholet hobeto dabil.

Hain zuzen ere, Choletek +47 du, eta Bilbao Basketek +28; horrenbestez, Bilbao Basketek, azken jardunaldian, Le Portelen kantxan, garaipen oso argia eskuratu beharko luke, eta adi egon beharko litzaioke, gainera, Choletek Dinamo Sassariren etxean (Sardinian) egiten duenari. Multzoko aurreneko postua lortzen duen taldearentzako saria izango da final laurdenetan itzuliko partida etxean jokatzea; hori oso garrantzitsua izan liteke.

Bi taldeek jakin bazekiten zenbat zegoen jokoan, eta nabari izan da hori lehen zatian; tarte batzuetan Cholet Bilbao Basket baino apur bat hobeto aritu bada ere, oso parean ibili dira biak. Frantziako taldeak izan du markagailuaren kontrola, eta, bigarren laurdenean, zaleek bultzatuta, zortzi puntuko aldea ere izan dute, 38-30ekoan; Bilbao Basket, hori bai, ondo ari zitzaion erantzuten Choleti, etxeko taldeak abantaila handiagoa erdiesten zuen bakoitzean. Hala, atsedenaldian, emaitza 40-37koa zen; Choletek hiru puntuko aldea zuen, beraz.

Bilbao Basket sendo ari zen jokatzen, eta, gainera, hirugarren laurdenean aurreneko hogei minutuetan baino gehiago asmatu du. De Ridder, Adbur-Rakhman eta Frey zebiltzan ondo, besteak beste, eta Bizkaiko taldeak aurretik jartzea lortu du. Hirugarren laurdeneko azken jokaldian, Melwin Pantzarrek hiruko saskiratze ikusgarria sartu du, bere kantxa erditik, eta, amaierarako hamar minutu gelditzen zirela, partida berdinduta zegoen, 58-58.

Azken laurden horretan, Cholet, pabiloian zeuden zaleek ondo babestuta, hobeto aritu da, eta helburu bikoitza gauzatu du: alde batetik, garaipena bereganatu du; bestetik, halaber, zazpi puntuko aldea erdietsi du, eta, horrenbestez, multzoko lider jarri da. Final laurdenetako itzuliko partida etxean jokatzeko aukera ona du Frantziako taldeak, baina datorren astean zehaztuko da dena, seigarren eta azken jardunaldian.

Fitxa teknikoa

82 - Cholet (20+20+18+24): TJ Campbell (11), Ayayi (3), Diawara (11), Melvin (3) eta Vautier (7) -hasierako bostekoa-; Stefan Smith (19), Bracq (2), Wheeler (10), McNeace (6) eta Briggs (10).

75 - Surne Bilbao Basket (18+19+21+17): Frey (11), Abdur-Rahkman (10), Silverio (9), De Ridder (19) eta Hlinason (6) -hasierako bostekoa-; Pantzar (4), Kullamae (2), Ruben Dominguez (5), Rabaseda, Jones (9) eta Bagayoko.

Epaileak: Zafer Yilmaz (Turkia), Zdenko Tomasovic (Eslovakia) eta Gintaras Vitkauskas (Lituania).

Nabarmentzekoa: zale asko, La Meilleraien.

Hurrengo zuzenekoak

  • Gaur
  • OG.
  • OR.
  • LR.
  • IG.
  • AL.
  • AS.
19 14:00 - 17:00 TXIRRINDULARITZA | Andaluziako Itzulia: 1. etapa

Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…